Josune Urkola izango da Usurbilgo alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaia

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 21a, 16:48

Josune Urkola izango da Usurbilgo EAJ-PNV alderdiaren hautagaia 2015eko udal hauteskundeetan. Usurbilgo Uri Buru Batzarrak igorri digun prentsa-oharrak dioenez, Josune Urkolak pozez hartu du bere alderdiaren erabakia,  “ohore” handia delako beretzat Eusko Alderdi Jeltzalearen ordezkaria izatea Usurbilen. "Erronka handia dauka eskuartean, baina ziur da, osatu duten taldearekin batera, lana ondo baino hobeto egiteko gai izango dela", EAJ-PNVtik aditzera eman dutenez. Segidan duzue prentsa-oharra osorik. 

"Usurbilgo EAJ-PNVk Josune Urkolaren aldeko apostua egin du datorren urteko udal eta foru hauteskundeetarako, bera izango baita Usurbilgo Alkatetzarako hautagaia. 

Jaiotzez asteasuarra da Urkola, baina bere burua ia usurbildartzat dauka bi hamarkada baino gehiago daramatzalako bertan bizitzen. Hautagai jeltzaleak 46 urte ditu, ezkondua dago eta bi semeren ama da.

Hautagai jeltzaleak gaztetatik maite izan du herrigintza eta horregatik hurbildu zen EAJ-PNVren eskutik herri mailako politikagintzara. Azken urteotan bigarren mailan aritu da jardun horietan, baina pasa den otsailaz geroztik zinegotzi lanetan dihardu, Andoni Atxegaren ordez sartu baitzen Udalean.

Enpresen aholkularitzan lan egin du Urkolak gaztetatik. Administraritza ikasketak amaitu ostean, hainbat enpresen kontabilitateaz eta zergen kudeaketaz arduratu da. Gaur egun, eraikuntzako enpresa txiki batean lan egiten du.

EAJ-PNVk zerrendaburu izatea proposatu zionean “poza handia” sentitu zuela onartzen du, “ohore” handia delako beretzat Eusko Alderdi Jeltzalearen ordezkaria izatea Usurbilen. Erronka handia dauka eskuartean, baina ziur da, osatu duten taldearekin batera, lana ondo baino hobeto egiteko gai izango dela. 

Usurbilgo Uri Buru Batzarra"