Udal ordezkariak, zenbait herri eragileetako kideak, eta herritarrak bildu ditu goizeko 10:00ak pasatxoan Potxoenean hasi den batzarrak. Azken txanpan, amaitzear den 2011-15 legegintzaldiko balantzea egiten dabiltza guztiak.
Larunbat honetako batzarra, hurrengo 2015-19 legegintzaldiari begira osatzen joan beharreko herri programaren abiapuntua izango da. "Ondo egin duguna izango da hurrengo legealdirako abiapuntua. Baita erdizka egindakoak zuzendu eta gaizki edo egin gabe utzi duguna zuzentzeko konpromiso sendoak harilkatu behar ditugu. 2015-2019 legealdian egin nahi duguna zehaztu aurretik amaitugabe dagoen legegintzaldi honetan egindakoaren balantzea aztertzea garrantzitsua deritzogu", zioen Usurbilgo EHBilduk gaurko antolatua zuen batzarraren deialdian.
Lehen oinarriak finkatzen
"Hurrengo Udal eta Foru Hauteskundeei begira lehen oinarriak jartzen puntuz puntu HARI GARA. Ziklo politiko berrian EH Bildu ezinbesteko subjetu politikoa da eta azken urteotan emaniko urratsak garrantzitsuak izan badira ere, aurrera begira erronka handiak ditugu. Beraz, hauteskunde hauetan aldaketarako bidea sendotzeko denon ekarpena behar beharrezkoak dira. Etorkizunari ateak irekitzeko aukera ematen digute hauteskunde hauek eta herrialdez herrialde, herriz herri eta auzoz auzo lan egin nahi dugu", adierazi dute Usurbilgo EHBildutik.