Udarregi Ikastolan eskura ditzakezue, Kilometroak 15eko aurkezpenerako azken sarrerak

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 24a, 15:29


Aizpurua eta Labe-Goxo okindegietan ez dago sarrerarik, ezta Txirristra tabernan ere. Haur Eskolako idazkaritzan zeudenak Udarregi Ikastolako idazkaritzara eraman dituzte. Honenbestez, eraikin gorriko idazkaritzan eskura ditzakezue salgai geratzen diren azken sarrerak, 2,5 eurotan. Mugi, jada sarrera askorik ez da geratzen eta. Astelehen goiz honetan, 50 bat baino ez zeuden.

Kiroldegian biziko den ikuskizun erraldoirako bost egun baino ez dira geratzen. Gogoan izan, larunbat arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko da Oiardon, Kilometroak 15 ekimena; leloa, irudia... Ezustekoz beteriko emanaldi baten bueltan. "Hainbat ezusteko prestatu ditugu maitasun handiz, eta espero dugu zuei guri bezainbeste gustatzea!", diote antolakuntzatik.

Jaialdia hasi aurretijk, girotzen joateko 18:00etatik zabalik izango da Kiroldegiko taberna. Eta adi, eskubaloi partidak jokatzen diren emanaldi gunerako sarrerarik gabe geratuko zaretenok, tabernan bertan jarriko den pantailatik zuzenean jarraituko ahalko duzue aurkezpen ekitaldia. "Ez da inor geldituko ikuskizuna ikusi gabe! Ikuskizuna zuzenean emango dugu kiroldegiko tabernan bertan, beraz, sarrerarik lortzen ez baduzue ere, igo kiroldegira eta gozatu ikuskizunaz!", luzatu dute gonbita Kilometroak 15-etik.

Arropa salmenta batzordekoen bilera
500 laguneko auzolan sarea osatu da, #Kilometroak15 ekimenaren bueltan. Ikaragarria. Baina are jende gehiago beharko da, bai urtean zehar ospatuko diren ekimenetarako, edota 2015ko urriaren 4rako. Une honetan, bereziki ekonomia eta arropa salmenta batzordeetan dago jende behar handiena.

Azaroaren 27an hain zuzen, iluntzeko 19:00etan Udarregi Ikastolan, biltzekoa da arropa salmentako batzordea. Batzordeak urtean zehar Gipuzkoan zehar egingo dituen irteerei buruz hitz egingo da bertan. Lagun talde edo familientzako lan talde aproposa arropa salmentarena. Gipuzkoan barrena, #Kilometroak15 ekimeneneko materiala saldu eta bide batez, egun pasa joateko.