Eragile Feministaren aurkezpena igandean, aurreikusitakoa baino ordutebete lehenago

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 24a, 14:11


Ekimen mordoa izango da igande goizean Usurbilen. Tartean, herrian osatu eta martxan jarri berri den Eragile Feministaren aurkezpen ekitaldia eta elkarretaratzea. Izatez, igandeko Erle Egunean, 13:00etarako jarria zuten hitzordua frontoian. Baina ordubete aurreratu dute aurkezpen ekitaldia. Usurbilgo Eragile Feministako kideen jendaurreko lehen ekitaldia, igandean, azaroaren 30ean, 12:00etan pilotalekuan.

Elkarretaratzea asteartean
Indarkeria sinbolikoa eta mikromatxismoak hizpide zituen hitzaldi batekin hasi zen ostiralean, Usurbilgo Eragile Feminista sortu berriak azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren bueltan antolatu dituen ekimenak. Lehen ekitaldiak asteburuan egin dira. Datorren hitzordua, astearte honetan bertan, azaroaren 25ean hain zuzen. Elkarretaratzea 18:00etan. Ordu berean hasiko da azaroko osoko ohiko bilkura Udaleko udalbatza aretoan. Gai honi loturiko mozioa aurkeztuko dute saioan.

Honakoa beraz, datozen egunotarako Usurbilgo Eragile Feministak deitu dituen hitzorduen agenda:

Azaroak 25, asteartea: Emakumeon Kontrako Indarkeriaren Aurkako Eguna
18:00
 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan, “Autodefentsa feministaz lehertu!” aldarripean.

Azaroak 30, igandea: Erle Eguna
12:00 
Usurbilgo Eragile Feministaren aurkezpena eta elkarretaratzea frontoian, “Autodefentsa feministaz lehertu!” aldarripean.

Abenduak 13, larunbata
Ondarrun, “Jostorratzak dantzan ditugu! Euskal Herriaren burujabetza feministarantz!” lemapean ospatuko diren Emakume Abertzaleon VI. Topaketa Feministak ekimenera joateko deia. Alternatiba eta trantsizio feministaren inguruko eztabaida burutuko da bertan. Umeak dituztenentzako oharra; haurtzaindegi zerbitzua egongo da.

Antolatzailea: Usurbilgo Eragile Feminista.

Adierazpena: Euskal Herriko Bilgune Feminista