Egunotan beteko dira hiru urte, Errekatxiki kalean, organikoa auzolanean konpostatzen hasi zirenetik. 2011ko azaroan inauguratu zuten hain zuzen, auzokonpostatzeko Usurbilgo eta Gipuzkoako lehen gunea aipatu kalean. Atez ateko bilketan bezala, auzokonpostatzean ere aitzindari izan zen udalerri hau. Errekatxiki inguruan bizi ziren lehen familiak izan ziren, organikoa konpost bihurtzeko auzolanari ekin ziotenak. Esperientzia hau gerora, herriko beste hainbat txokotara zabaldu da. Baita Gipuzkoako hainbat lekutara ere.
Autokonpostatze nahiz auzokonpostatze guneetan parte hartzen ari den herritar kopurua ia bikoiztu egin da hiru urteotan. 2011n 24.029 lagun ari ziren organikoa konpostatzen. Egun, 43.837 dira.
Herritar guztion eredugarritasuna saritu nahi izan du aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak, “ingurumenarekiko arduraz jokatzen dute eta baliabideak aurreztea ahalbidetzen dute” eta. Aurtengo Zero Zabor saria, Gipuzkoa mailan auzokonpostatze egitasmoan parte hartzen hasi ziren lehen herritarrentzat; Zero Zabor ingurua izateko ahaleginean, aitzindari ditugun Usurbilgo Errekatxikiko guneko erabiltzaileentzat izan da. Saria usurbildarrek jaso dute goizean Aldundiaren egoitzan, Martin Garitano Ahaldun Nagusi eta Iñaki Errazkin ingurumen diputatuaren eskutik. "Askoren lan txikiak, emaitza onak ematen dituela argi dago", zioten sarituek. Zorionak!