Errigorako elkartasun saskiak, heldu ahala eramaten

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 25a, 06:54


Heldu dira, eta heldu bezala, eramaten hasiak zarete, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzeko Errigorak, Zazpiak Bat, Sortzen Ikastolen Elkartea eta AEK-k asteotan bideratu duen elkartasun kanpainako otarrak. NOAUA! Kultur Elkartean 30 lagunek eskatu zituzten saskiak. Udarregi Ikastola, Aitzaga eta Aizpurua okindegikoak batuta, guztira 79 saski saldu dira Usurbilen. Iazko kopuruarekin alderatuta, bikoitza baino gehiago. 2013an, 30 bat saski saldu baitziren udalerri honetan. 

Otarren prezioa, 50 eurokoa da. Trukean, mimo handiz ekoitzitako produktu sorta etxeratuko duzue: bi botila olio (bat ekologikoa), bi poto piper, potxak, kardoa, mahats zukua (ekologikoa), orburuak, bi lata zainzuri, tomate saltsa (ekologikoa), barazki krema (ekologikoa), pikillozko marmelada (ekologikoa), botila bat ardo beltz (ekologikoa).

Bildutako laguntza osoaren %25a, Nafarroa erriberako proiektuotara bideratuko da; Erriberako ikastoletara, Erriberako AEKra, eta “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenaren Hamarratz proiektura. 

12.000 saski inguru, 151.000 euroko laguntza
Kanpaina Usurbilen arrakastatsua izan bada, Euskal Herri mailan zer esanik ez. Eskuzabal jokatu du jendeak. Errigorak zabaldu dituen lehen datuen arabera, 12.000 saski inguru saldu eta 151.000 euroko laguntza bildu da, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzeko. Iaz, 8.000 otar eta 112.000 euro. Argi da, indar hartzen ari den elkartasun ekimena da honako hau.