Emakumeenganako indarkeriaren aurkako erakunde adierazpena onartu du Usurbilgo Udalak

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 25a, 19:22


Emakumeenganako indarkeriaren aurkako erakunde adierazpena onartu du Usurbilgo Udalak, amaitu berri den osoko ohiko bilkuran. Aho batez onartu du udalbatzak, EHBildu, Usurbilgo Hamaikabat eta EAJ alderdien izenean aurkeztu den testua. Osoko bilkuran bertan, mozioarekin bat egin du baita, PSE-ko udal ordezkariak.

Bozketa aurretik, Enara Arbizu zinegotziak, Usurbilen Eragile Feminista berri bat sortu dela gogorarazi du. Hainbat ekimen antolatu dituenak egunotarako; tartean, osoko bilkura hasi den ordu berean, 18:00etan elkarretaratzea egin dute Mikel Laboa plazan. Gogoan izan bestalde, Usurbilgo Eragile Feminista, XVI. Erle Egunean, igande eguerdiko 12:00etan aurkeztuko dute frontoian. 

Udal konpromisoak
Osoko bilkuran onartu berri duten mozioak, biolentzia matxistari aurre egiteko ezinbestekotzat jotzen du, "bizitzaren esparru orotan berdintasunezko harremanak oinarri izango dituen jendartearen eraldaketa". Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:
-Berdintasun esparruko politikekiko konpromisoa mantendu eta egonkortu, berdintasun politikak garatzeko behar diren giza baliabide eta baliabide ekonomikoak indartuz.
-Udalerrian eman litezkeen ekintza eta jarrera matxisten aurrean, prebentzio eta salaketarako eragile aktibo izan.
-Abian jarri, hedatu edo indartu, emakumeen parte hartze ekitatiboa ahalbideratzen dituzten jai edo jardun sinbolikoak, bai eta gainerako espazio sozio-kulturalak ere.
-Emakumeen ahalduntzea bultzatzen duten gune komunak sortu edota indartu, behar adina baliabiderekin eta sare lana sustatuz, ahalduntze eskolak edo emakumeen etxe modukoak.
-Ahulenak diren guneetan biolentzia matxista eman ez dadin, instituzioen arteko elkarlana bultzatu, baliabide tekniko eta ekonomikoen bitartez: gazteak, adinekoak, etorkinak, nekazal gunekoak, aniztasun funtzionala dutenak...

Mozioa bere osotasunean irakurri nahi baduzu, klikatu irudiotan: