Ihartzako lanak amaituta, Kalezar eta Txaramuntoko haur parkeak berritzera orain

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 26a, 11:55


Hirigintza lan ezberdinetan murgildua dabil Usurbilgo Udala. Ihartzatik Arratzain aldera doan aldapan, ur hartune bat bada. Bertako lanak amaitu berri dituzte. "Ihartza eremuko bizilagunak aspalditik zeuden zain ur sarearekin zuten arazoa noiz konponduko zen. Izan ere, Kalezarretik Arratzain aldera doan aldapa horren inguruan kokatuta dauden etxebizitzak ur kontagailu amankomuna zuten. Egoera honek hainbat arazo sortzen zituen bizilagunengan, besteak beste, ur presio bajua izatea edota kontsumo zehatzak banatzeko aukerarik ez izatea. Udal brigada lanean aritu ondoren azken hilabete honetan, sarearen luzapen obrak bukatu dira jada eta etxe bakoitzean banakako kontagailuak jarri ondoren, martxoaren 1ean lehengo sare zaharra erabat ezabatu eta sare berritik hornitzen hastea aurreikusten da. Eremu horretan dauden igerileku pribatuak ere egungo arautegira egokitu beharko dira eta kontadore bereziak jarri beharko dituzte", berri eman dute Udaletik.

Kalezarko eta Txaramuntoko haur parkeak, urtea amaitzerako eraberrituak
Lan batzuk bukatu orduko beste konponketa lan batzuei ekitear da Udala. Kalezarko eta Txaramuntoko haur parkeak berritzekotan da. Urtea amaitu baino lehen egingo dituzte lanok. Hona, Udaletik jakinarazi dituzten zehaztasunak:

Kalezarko haur parkea
-Egingo diren lanak: "segurtasuneko zorua jarriko da, joko batzuk konpondu eta berritu egingo dira eta beste batzuk kendu eta berriengatik ordezkatuko dira".
-Aurrekontua: 7.812,12€.
-Lan hauetaz arduratuko den enpresa: Benito Urban.

Txaramuntoko haur parkea
-Egingo diren lanak: "segurtasuneko zorua jarri, joko batzuk konpondu eta beste batzuk berriengatik ordezkatuko dira".
-Aurrekontua: 5.876,67€.
-Lan hauetaz arduratuko den enpresa: Benito Urban.

Irudia: Usurbilgo Udala.