Usurbilgo Udalak, Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean abian duten gazte lokalei eta bizikidetzari loturiko parte hartze prozesuak bilera giltzarria du asteazken honetan 19:00etan Potxoenean. Gazteen eta helduen lehen saioa izango baita azaroaren 26 honetakoa. Orain arte, azken asteotan gazte lokaletako erabiltzaileekin antolatu dira lan saioak. Baita egoitza hauen jabe, bizilagun eta gazteen gurasoekin ere. Modu bereizian egin dira lanketok. Ikuspegiak bateratzeko unea dator orain. Asteotan gazte zein helduek eginiko ekarpen eta datu bilketekin, tailer modukoa egingo da asteazken honetan. Denek batera, ekarpenak egin eta egon daitezkeen desadostasunak argitzeko tartea hartuko da.
Gazteak eta helduak daude hitzartuak, asteazken honetako bilkuran. Helduen artean interesa piztu du parte hartze prozesuak. Gai honetan zer esana dutelako, abian den prozesu honen baitan, gazte lokaletako jabeak, lokalon inguruan bizi diren herritarrak, eta gurasoak bilera batera deitu zituzten, azaroaren 12an Potxoenean. Deialdiak erantzun zabala izan zuen, goiko irudian ikus daitekeen moduan. Usurbilgo Udalak Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, gazte lokaletako erabiltzaileei eginiko galdeketekin osaturiko diagnosia aurkeztu zuten. Hortik aurrera, bertaratu zirenen proposamen eta ekarpenak bildu zituzten.
Esandakoa, bi kolektiboekin, gazte eta helduekin asteotan eginiko lanketaren ostean, bi bilera egingo dira modu bateratuan. Hauxe da hitzordu guztion egutegia:
Azaroak 26, asteazkena
Tailerra gazte eta helduekin: aurreko bileretan landutako diagnosiaren aurkezpena eta ekarpen bilketa. Adostasunak lantzea.
Abenduak 10, asteazkena
Tailerra gazte eta helduekin: aurreko bileretan landutako diagnosiaren aurkezpena eta ekarpen bilketa. Adostasunak lantzea.
Bileren ordua: 19:00.
Bileren lekua: Potxoenea.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala, Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean.