Akabo. Irudian duzuen txartel gehiagorik ez duzue topatuko, ez Udarregi Ikastolan, Txirristra tabernan, Aizpurua okindegian, ezta Labe-Goxon ere. Agortu dira, Kilometroak 15 ekimenaren aurkezpen ekitaldirako sarrerak. Ikusmina handia da. Urtebete barru, urriaren 4an Usurbilen ospatuko den Udarregi Ikastolaren aldeko jaialdiko leloa, irudia, eta beste hainbat zehaztasun ezagutzeko jakinmina agerikoa.
3 egun barru aireratuko dira, antolatzaileek ondo baino hobeto gordeak dituzten sekretuok. Larunbat arratsaldeko 19:00etan, Oiardo Kiroldegian ospatuko den ikuskizun handian. Sarrerarik gabe geratu zaretenok, gerturatu azaroaren 29an Kiroldegira. Aurkezpen ekitaldia abiatu aurretik, 18:00etatik zabalik izango da Kiroldegiko taberna. Antolakuntzak tabernan bertan jarriko duen pantaila batetik zuzenean jarraitu ahalko duzue, pisu bat gorago ehunka lagun bertatik bertara bizitzen ariko diren une ahaztezina. "Hainbat ezusteko prestatu ditugu maitasun handiz, eta espero dugu zuei guri bezainbeste gustatzea!", diote antolakuntzatik.
Arropa salmenta batzordekoen bilera
500 laguneko auzolan sarea osatu da, #Kilometroak15 ekimenaren bueltan. Ikaragarria. Baina are jende gehiago beharko da, bai urtean zehar ospatuko diren ekimenetarako, edota 2015ko urriaren 4rako. Une honetan, bereziki ekonomia eta arropa salmenta batzordeetan dago jende behar handiena.
Ostegun honetan, azaroaren 27an hain zuzen, iluntzeko 19:00etan Udarregi Ikastolan, biltzekoa da arropa salmentako batzordea. Batzordeak urtean zehar Gipuzkoan zehar egingo dituen irteerei buruz hitz egingo da bertan. Lagun talde edo familientzako lan talde aproposa arropa salmentarena. Gipuzkoan barrena, #Kilometroak15 ekimeneko materiala saldu eta bide batez, egun pasa joateko.