Bi egun baino ez, #Kilometroak15 ekimena jendaurrean aurkezteko. Sarrerak agortu dira jada. Logoa, irudia eta arropak zer nolako itxura izango duen ezagutzeko jakinmina handia da herrian. Larunbateko ikuskizunean ezagutuko dugu guztia. Eta igandean, arropa eskuragarri izango da, Zubiaurrenea 3an irekiko duten dendan. Baita Usurbildik kanpo ere, Gipuzkoako beste zenbait guneetan. Azaroaren 30etik aurrera, astebururo, #Kilometroak15 ekimenaren bueltan osatu den 500 laguneko sarearen baitan, zenbait lan talde materiala saltzera joango baitira herritik kanpora.
Igandetik aurrera, ohikoa izango da asteburua etorri eta ekitaldi edo jaialdirik dagoen lekuetan, usurbildarrak postu batean, #Kilometroak15 ekimeneko materiala saltzen ikustea. Irteera hauetarako jende dezentek eman omen du izena, baina jende gehiagoren laguntza beharko da. Zenbat eta herritar gehiago apuntatu, orduan eta irteera gutxiago egin beharko ditu talde bakoitzak. Aproposa koadrilentzat, egun pasa joateko.
Irteera hauen nondik norakoei, funtzionamenduari eta bestelako zehaztasunei buruz hitz egiteko, bilera deitu du #Kilometroak15 ekimeneko arropa salmenta batzordeak, ostegun iluntze honetarako, 19:00etan Udarregi Ikastolan.
"Bosteko taldeak osatzea aholkatzen da"
Izena ematen ari al da jendea?
Arropa salmenta batzordea: Jende dezente apuntatu da. Gustura gaude apuntatu den jende kopuruarekin. Eta esperantza dugu jende gehiagok izena eman eta irteerak ondo aterako direla. Zenbat eta jende gehiagok izena eman hobeto, talde bakoitzak irteera gutxiago egiteko. Azpimarratu, talde bakoitzak ez duela astero irteerarik izango. Hilean bat edo batzuetan bi gehienez. Gabonen buelta eta udaberri-uda partea izango da garai mugituena. Igandean egingo dira lehen hiru irteerak. Usurbilen ere zenbait egunetan postua jarriko da; abenduaren 14ko Santo Tomas azokan adibidez. Baita beste egun berezietan ere.
Zertaz arduratu behar dute irteeratara doazenek?
Bosteko taldeak osatzea aholkatzen da. Berez laurekin nahikoa dela aurreikusten da. Baina bosgarren hori beti ondo dator, baten bat falta bada, edo edozer gertatuta ere. Bi lagun erropa saltzera joango lirateke, gainerakoak errifak saltzera. Jaiaren araberakoa izaten da irteera. Batzuetan goizerako bakarrik, beste batzuetan egun osokoa.
Aproposa taldean egun pasa joateko?
Koadrilan giro ona sortzeko eta baita jende berria ezagutzeko ere. Halako ekintzekin jende berria ezagutzeko aukera dago eta lagun arte polita sortzen da gero.