Urrezko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria, Udarregi Ikastolarentzat

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 27a, 11:20

Kilometroak ekimenaz gain, ondo egindako lanagatik ere albiste dugu Udarregi Ikastola. Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskalit-Kudeaketa Aurreratua Fundazioak sortu eta kudeatzen duten Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria eman diote Udarregi Ikastolari. Ziurtagiriak hiru maila ditu; oinarrizkoa edo Bikain beltza, tartekoa edo Bikain zilarra eta goi mailakoa edo Bikain urrea. Maila goreneko ziurtagiria eskuratu du Udarregi Ikastolak. Urrezkoa. 

Iruditan dituzue, azaroaren 18an Donostiako Victoria Eugenia antzokian ospatu zen ekitaldian, saria jaso berritan, Udarregi Ikastolako Ibon Azkonobieta eta Mariaje Imaz, ziurtagiria erakusten. Zorionak!

Bikain, ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen du. Udarregi Ikastola urrian ziurtagiria lortzeko ebaluaziora aurkeztu zen. 3 ebaluatzaile gerturatu ziren ikastolara. Hezkuntza zentroaren komunikazioa eta irudi korporatiboa, kanpo harremanak, barne harremanak eta hizkuntza kudeaketa aztertu zituzten. Ebaluazio amaieran, aipatu moduan, hamarra eskuratu du ikastolak. Beste 39 erakunde ere Bikain ziurtagiriarekin saritu dituzte; "horietatik 12k goi-mailako urrezko Bikain egiaztatu dute; 20k tartekoa den zilarrezkoa; eta 7k oinarrizkoa".

Abenduaren 3an, plazara
Euskararen Kalitate Ziurtagiri gorena eskuratu duen honetan, abenduaren 3an gogoan izango dugun Euskararen Eguneko antolaneta lanetan murgildua dabil Udarregi Ikastola, eta herri eragile talde bat. Goizetik iluntzera arteko ekimenak prestatu dituzte, datorren asteazkenerako. Herritarrok, plazan hitzartu gaituzte abenduaren 3an:

Abenduak 3, asteazkena
11:00-12:30 Aginako Eskolakoen eta Udarregi Ikastolako kalejira/euskaraokea/mezu                   jaurtikera/kalejira.
16:30-18:30 Haurrentzako hizkuntza-jolasak.
17:00 "Katillukadak" txotxongilo emanaldia, Aginagako ludotekan.
18:30 Kalejiraren hasiera Dema plaza, frontoi ingurutik.
19:30 Kalejira Dema plazan amaitu. Gaztaina erreak. Ekitaldia.
Oharra: behin behineko egitaraua. 

Antolatzaileak: herri eragile talde bat, elkarlanean.