Erronka berri bat du Usurbilek. Kizkia eskutan duten 440 lagun bildu eta argazki erraldoi bat ateratzea. Orain arteko erraldoiena, marka hautsi nahi baita. Gerturatu igande eguerdian 12:30etan Sutegi atarira, eta bertan emango zaizkizue behar beste argibide. 2009az geroztik eskualdean herriz herri ospatzen ari den ekimen parte hartzailea dugu hitzordu hau. Astigarragan, Oiartzunen, Goizuetan, Hernanin eta Donostian ospatu izan da. Igande honetan, Usurbilen egingo da, Sagardo Egunaren Lagunak taldekoen eskutik. Sutegi atarian eguraldi onarekin, eguraldi txarra egingo balu, frontoian ospatuko da.
2009an Astigarragan hasi eta 2016an Astigarragan amaituko den herriz herriko ekimen honen bidez, sagardoa ekoizteko prozesua eman nahi da ezagutzera. Herritarrak prozesu honetako partaide sentiaraztea. Egitasmo hau sortu eta koordinatzen Goldean Elkartea dabil, lekuan lekuko herri eragileekin batera. "Usurbildarrok baduzue marka on bat egiteko indarra", adierazi dute Goldean elkarteko kideek, aste honetako NOAUA!rako eskaini duten elkarrizketan.
Igandean 440 kizki lagun biltzen badira Usurbilen, eskualde mailako marka hoberena izango du udalerri honek. Hernanik bildu ahal izan du orain arte, kizki lagun kopuru altuena:
-Astigarraga: 311.
-Donostia: 311.
-Oiartzun: 354.
-Goizueta: 400.
-Hernani: 436.
-Usurbil: ???.
Erronka betetzeko mekanismoa
Usurbildarren marka modu honetan erregistratuko dute. Ekimenean parte hartzen duten herritarrek eman beharko dituzten lau pauso hauetan:
1-Lehenik eta behin, besoa altxata, kizkia erakutsi beharko da.
2-Lurrean dagoen sagarra jo eta bertan geratu.
3-Sagarra erakutsi eta bildu.
4-Otarrean jo, sagarra saski barrura erortzeko.
Marka erregistratu aurretik, hainbat entsegu saio egingo dira. Lasai ibili beraz. Beste ohar bat; kizkia ekitaldian banatuko dute antolatzaileek. Herritar guztiok, parte hartzera gonbidatuak zaudete.