Buruntzaldeako EAJren ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Urnietan, "ezker abertzalea bailaran sortzen ari den garapen agentziaren aurkako iritzia azaltzeko". Andoaingo EAJren bozeramaileak, Mari Jose Izagirrek, jakinarazi duenez, ezker abertzaleak bertan behera utzi du gainerako alderdiekin proiektu honen inguruan izaten ari den negoziazioa. Eta Bildu herri batzuetan daukan gehiengoaz baliatzen ari da bere proposamenarekin aurrera egiteko. Aste honetan bertan eman diote oniritzia garapen agentziaren proiektuari Hernani, Astigarraga eta Usurbilek. Ezker abertzaleak gehiengoa dauka Udal hauetan guztietan. Pagolak adierazi du erabaki honek ondorio larriak izango dituela. Izan ere, bailarago gainerako herriak (Lasarte-Oria, Andoain eta Urnieta) ez daude Bilduren esku eta, ondorioz, agentziatik kanpo geldituko dira herri horietako Udalbatzek hala erabakiko dutelako. “Zentzurik al dauka Buruntzaldeko herrien erdia bakarrik biltzen dituen agentzia sortzeak? Herri hauetan, gainera, Buruntzaldeako herritarren erdia baino gutxiago bizi da”, zehaztu du Izagirrek.
Negoziazioetara itzultzeko deia
Erabaki honek izan litzakeen ondorioekin arduratuta EAJren ordezkariek atzera egiteko eskatu diote ezker abertzaleari eta bueltatu dadila negoziazioaren bidera. Ildo honetan, Bilduren proposamenetik kanpo gelditzen diren hiru herriei begira, proposamen bateratzaile eta parte-hartzailea egiteko konpromisoa hartu dute jeltzaleek. Azaldu dutenaren arabera, "proposamen hau herri guztietako eragile eta elkarteen eskutik burutuko da eta irtenbide solidarioa bilatuko zaio Andoaini. Gogoan izan behar baita, herri honek ezin duela agentzia bezalako erakundeetan sartu daukan zorraren eraginez". Izagirrek aurreratu du agentziaren kide izan ez arren, bertan egoteko aukera izango duela. “Proposatzen dugun agentziaren ateak zabalik egongo dira etorkizunean kide gehiago sartu ahal izateko. Itxaropentsu gaude. Bilduk bere proposamenean atzera egin eta gure agentziarekin bat egitea espero dugu”, erantsi du Andoaingo EAJren bozeramaleak.
Duela hilabete Lasarte-Orian egin zuten bezala, EAJren ordezkariek ezker abertzalearen proposamena zergatik babesten ez duten argitu dute. Nabarmendu dute ezker abertzaleak diseinatutako proposamena legez kanpokoa dela eta ez dituela berme legal eta juridikoak betetzen. Gainera, "sektarioa eta presazko proposamena ere badela" gaineratu dute.
Hauek dira EAJ alderdiak, atzo eskaini zuen agerraldian eman dituen argudio nagusiak:
- Legez kanpokoa: Bilduk elkarte pribatua sortzea proposatzen du Udalen zenbait eskumen kudeatzeko. EAJk formula publiko baten alde egiten du, mankomunitatea eta partzuergoa, esaterako.
- Arlo juridikoa: Giza baliabideak eta baliabide materialak kudeatzeko bermea daukan egitura juridiko-ekonomikoa diseinatu behar dira. Ezker abertzaleak elkartearen alde egiten du hau kontrola saihesteko.
- Langileak: Ezker abertzaleak gerentea eta beste zenbait langile kontratatzea proposatzen du eta horrek gastuak handitzea eragingo luke. EAJk udaletako langile funtzionarioekin lan egitea proposatzen du, esperientzia handia daukatelako eta gastuak merkatzea ahalbidetuko lukeelako.
- Memoria: Ezker abertzalearen proposamenak ez dauka atxikita beharko lukeen memoriarik. Ez da proiektuaren zehaztasunik ematen, ezta analisi sakonik egiten.
- Izendapenak: Izendapenak egiteko garaian, ezker abertzaleak gehiengoa emango liokeen formula proposatzen du. EAJk izendapenak Udal Batzetan erabakitzearen alde egiten du, herri bakoitzak bere ordezkariak era askean aukeratu ahal izateko.
- Kontrako txostenak: Buruntzaldeako herri batzuetako kontu hartzaileek eta idazkariek bilduk proposatzen duen agentziaren aurkako txostenak egin dituzte. Proiektuak berme juridiko nahikorik ez duela iritzi dute.
- Erakundeen aurkako iritzia: EAJren ildo beretik, zenbait eragile ekonomikok zalantzak adierazi dituzte ezker abertzalearen proposamenarekiko. Formula juridikoaren inguruan eta agentziak egingo lituzkeen jardueren inguruan onarritzen dira, batik bat, zalantza horiek.
"Garapen agentzia on batek onura ekarriko dio bailara osoari"
Ordezkari jeltzaleek zalantza hauek guztiak landu eta aztertzeko konpromisoa hartu dute "bai eta proposamen landuago bat aurkeztekoa ere. EAJren proposamena ez da alderdikerietan eroriko eta eskualde ikuspegitik egingo da". Hori guztiarekin, EAJko kideek ezker abertzaleari eskatu diote "utz ditzala alderdikeriak alde batera eta lehenetsi ditzala Buruntzaldeko herritarren interesak. Ezker abertzaleari eskatzen diogu utz ditzala alde batera presak eta ekin diezaiola lanari gainerako alderdiekin batera. EAJtik borondate osoa adierazi nahi dugu gai honen inguruan lanean jarraitzeko ziur baikaude garapen agentzia on batek onura ekarriko diola bailara osoari”, ondorioztatu du Izagirrek.
Bideoa: Aiurri.