Datozen hilabete hauetan Gipuzkoan zehar jaialdi edo bestelako ekimenen bat antolatu eta hara bazoazte, ez harritu usurbildarrekin topo egiten baduzue. Ziur, salmenta postu baten atzean ikusiko dituzue, #Kilometroak15 ekimeneko materiala saldu eta Udarregi Ikastolaren aldeko laguntza biltzen. Igande honetan bertan, azaroaren 30ean, abiatuko dira Usurbildik, Gipuzkoako txoko ezberdinetara materiala saltzera joango diren zenbait talde.
Erantzun zabala
Herritar mordoak eman du izena, arropa edo errifak herrialdean zehar saltzeko taldean. Ikusi besterik ez dago, atzo iluntzean Udarregi Ikastolan burutu zen bileran bildu zen jendetza. Lehen asteetako irteeretarako nahikoa jende bildu dutela zioten, irteera hauen funtzionamendua azaltzeko atzorako antolatua zegoen bilkuran.
Halere, zabalik jarraitzen du arropa salmenta batzordeko izen emateak: izen emate inprimakia edo 943 36 12 16 (Udarregi Ikastolako idazkaritza). Jende gehiagoren laguntza beharko da. Zenbat eta herritar gehiago apuntatu, orduan eta irteera gutxiago egin beharko ditu talde bakoitzak. Aproposa koadrilentzat, egun pasa joateko.
"Bosteko taldeak osatzea aholkatzen da"
Izena ematen ari al da jendea?
Arropa salmenta batzordea: Jende dezente apuntatu da. Gustura gaude apuntatu den jende kopuruarekin. Eta esperantza dugu jende gehiagok izena eman eta irteerak ondo aterako direla. Zenbat eta jende gehiagok izena eman hobeto, talde bakoitzak irteera gutxiago egiteko. Azpimarratu, talde bakoitzak ez duela astero irteerarik izango. Hilean bat edo batzuetan bi gehienez. Gabonen buelta eta udaberri-uda partea izango da garai mugituena. Igandean egingo dira lehen hiru irteerak. Usurbilen ere zenbait egunetan postua jarriko da; abenduaren 14ko Santo Tomas azokan adibidez. Baita beste egun berezietan ere.
Zertaz arduratu behar dute irteeratara doazenek?
Bosteko taldeak osatzea aholkatzen da. Berez laurekin nahikoa dela aurreikusten da. Baina bosgarren hori beti ondo dator, baten bat falta bada, edo edozer gertatuta ere. Bi lagun erropa saltzera joango lirateke, gainerakoak errifak saltzera. Jaiaren araberakoa izaten da irteera. Batzuetan goizerako bakarrik, beste batzuetan egun osokoa.
Aproposa taldean egun pasa joateko?
Koadrilan giro ona sortzeko eta baita jende berria ezagutzeko ere. Halako ekintzekin jende berria ezagutzeko aukera dago eta lagun arte polita sortzen da gero.