#Kilometroak15 ekimeneko arropa eskuragarri igandetik, Zubiaurrenea 3an

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 28a, 12:31

Benetan ederra geratu da. Azken asteotan, auzolanean gogotsu eta gogor jardun duen herritar talde bati esker, #Kilometroak15 ekimenak saltokia izango du laster. Igande honetan bertan irekiko dute, goizeko 10:30etan. Zubiaurrenea 3an kokatuko da. Zer aurkituko duzuen bertan? Momentuz adi egon, ireki ondo zuen begiak, larunbatean Kiroldegian ospatuko den aurkezpen ikuskizunean. Eta igandean, #Kilometroak15 ekimena diruz laguntzeko, denok saltokira lehen erosketak egitera. 

Zer aurkituko dugu #Kilometroak15 ekimeneko saltokian?
Arropa salmenta batzordea: 
Batez ere arropa salduko dugu. Arropa Kilometroak edizioetatik bereizi nahi genuen. Batez ere eguneroko arropa, berezia izatea nahi genuen. Horretarako boluntario profesionalak izan ditugu; Nora Izagirre izan da diseinatzailea. Bere lana aipatzekoa da. Arropa heldu da, oso polita. Kaleko arropa izango da, oinarrizko arropa eta kiroletarako arropa. Denetarik.

Neska, mutil, heldu nahiz haurrentzat?
Denentzako. Jendea etorri zitzaigun hasiera batean esanez, taila handiko Kilometroetako arropa ez zela saltzen, helduentzako ezta. Denentzako atera da; helduentzat, eta taila handiak ere egongo dira. Oso arropa polita gainera. 6 hilabetetik gorako haur txikientzako apustu handia egin dugu.

Dendan aritzeko lan taldea ere prest duzue?
Lan taldea osatzeko, beste herrietan nola antolatu ziren ikusi genuen. Amaieran egiten dituzten txostenetako aholkuak kontuan izanda, 16 pertsonako lan taldea osatu dugu. Guztiak emakumeak, erdia baino gehixeago emakume jubilatu gazteak, denbora nahikoa dutenak, aste osoan egunero etortzeko. Beste emakumeen profila, goizez lan egiten duen emakume gazteagoa eta arratsaldez jai duena. Bi taldeetan banatu ditugu. 8 egongo dira goizez, beste 8 arratsaldez. Beti txanda berdinean. Honekin gehienbat seriotasuna, egonkortasuna, profesionaltasuna eman nahi diogu dendari.

Ohiko saltoki baten bizimodua izango du Kilometroak dendak ere?
Garaian garaiko arropa salduko dugu. Orain neguko arropa jarriko dugu salgai. Aurrerago, udarako kanpainari helduko diogu. Gero denborarekin, agian ordutegia ere moldatu dezakegu. Hau guztia, herritarren erantzunaren araberakoa izango da. Jendeak erakutsiko digu hemengo martxa nolakoa izango den. 

Lan talde bat osatu duzue, ez bakarrik dendan lan egiteko. Denda bera prestatzeko ere? Auzolan handia egon da?
Laguntza ikaragarria egon da. Ordu piloa sartu dituzte. Hormak txukuntzen, margotzen pasa dituzte, baita larunbat eta igande bat baino gehiago ere. Argi indarrari dagokionez, instalakuntza berria sartu da. Denda berria geratu da. Eta zer esanik ez, altzariak egin dituztenak, ordu piloa pasa dituzte biltegian. Jendearen erantzuna oso ona izan da.

Irekiera, igandeko Erle Egunean.
Larunbateko Kilometroak 15 ekimenaren aurkezpen ekitaldian, arroparen desfilea egingo da. Bertan ezagutuko da logoa, eta arroparen itxura orokorra. Igandean, denda irekiko da. Gonbita herritarrei, dendara etorri eta gunea eta arropa ikus dezaten.

Ordutegia
Irekiera: azaroak 30, igandea, 10:30.
Abenduaren 1etik aurrerako ordutegia: 
-Astelehenetik ostiralera: 10:30-13:00 eta 17:00-20:00.
-Larunbatetan: 10:30-13:00.

Lekua: Zubiaurrenea 3.