Zer ote dio leloak? Zer nolako irudia izango ote du? Eta arropa? Zer ote dakar #Kilometroak15 ekimenak? Jakinmina handia da herrian. Eta ez da ezer falta, 24 bat ordu baino ez, antolatzaileen esanetan emozioak dantzan jarriko dizkigun aurkezpen ikuskizun ederraz gozatzeko. Ekitaldirako sarrerak, agortuak daude aste hasieratik. Txartelik gabe geratu bazara halere, ez gelditu ikuskizunaz gozatu gabe. Gerturatu larunbatean Oiardo Kiroldegiko tabernara. 18:00etatik zabalik izango da, eta 19:00etan hasiko den ikuskizuna zuzenean eskainiko dute, gune berean jarriko duten pantaila baten bidez.
Irudia, leloa, arropa... Antolakuntzak ondo baino hobeto gordeak dituen sekretuak aireratuko dira larunbat honetan, iluntzeko 19:00etatik aurrera Kiroldegian. Mimo handiz prestatzen aritu dira azken hilabete hauetan, herritar mordoak parte hartuko duen ikuskizuna."Hainbat ezusteko prestatu ditugu maitasun handiz, eta espero dugu zuei guri bezainbeste gustatzea!", diote antolakuntzatik.
Antolatzaileen esanetan, “espektakulu” galanta izango da larunbateko Kilometroak 15 ekimenaren aurkezpen ekitaldia. Jendetza mugiarazi, herri baten ilusioa islatu eta berehalakoan ahaztuko ez duguna. "Emozioak bilatu nahi izan ditugu", diote hitzorduko azken entsegu saioetan, duten onena ematen ari diren Ikuskizun Batzordeko kideek. Barruak mugiaraziko dizkigu azaroaren 29ko ekitaldiak.
Zuen lan taldeak zer ardura hartu ditu bere gain?
Ikuskizunen batzordea: Ekitaldiari dagokionez, ekitaldia bera sortu, eszena bakoitzeko taldeak osatu eta hauen koordinatzaileekin harreman lanak egitea izan da. Sortzearen eta koordinatzearen eremuetan mugitu gara.
Momentuz talde jendetsuena izan liteke zuena, larunbateko ikuskizunerako lagun mordoa bildu duzue ezta?
Lan taldea txikia da. Kontua da ekitaldi honetarako jendearen partehartze handia behar genuela ekitaldi jendetsu bat izango baita. Baina atzetik oso jende gutxi aritu gara.
Jendetza hau bildu eta koordinatzeak, sukalde lan handia eskatuko zuen. Zer nolako lanketa burutu duzue orain arte?
Ekainetik hasi ginen hau prestatzen. Eta ideiak botatzen joan ahala erronka handi bat helburu bezala jartzen ari ginela ikusi dugu. Emozioak bilatu nahi izan ditugu, baina ekitaldia planteatzerako unean helburu jakin batzuekin egin dugu, adibidez ikastolarekiko kontzientziazioa.
Larunbateko ikuskizuna adjetibo gutxi batzuekin, nola definituko zenukete?
Espektakulu bat izango da, gozatzeko parada ezin hobea.
Entsegu saioak zer moduz doaz?
Oso ondo doaz. Jendeak gogoak dituela ikusten da eta baita ilusioa ere. Eta horiek behar ditugu.
Azaroaren 29ko ikuskizunaren ostean, zein izango da eskuartean izango duzuen hurrengo zeregina?
Hurrengo ekitaldia zein izango den oso ondo ere ez dakigu. Orain aurkezpen ikuskizuna egin eta hau baloratu beharko dugu. Balorazio honen arabera norabide bat edo beste hartuko dugu hurrengo ikuskizuna sortzeko.
Herritarrik animatuko balitz zuen lan taldera, zer ekarpen egin dezake?
Ilusioa, gogoa ... ongi etorriak izango dira. Ez dago gaitasun jakin bat honetarako.