Usurbildarrak Kilometroetan “gattunk!”

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 29a, 21:16

Aireratu dira sekretuak; badugu Kilometroak 15 ekimeneko leloa eta irudia. Eguerdian aurkeztu dituzte, Udarregi Ikastolako eraikin berrian. “Gattunk!”, horixe duzue hurrengo ikastolen aldeko jaialdirako leloa. Erakargarria, herrikoia, gertukoa eta parekidea, leloaren amaierako n eta k hizkiek adierazten duten moduan. Hauxe, datorren urtebete honetan, sarri ahotan erabiliko dugun hitza. Usurbildarrak jada, Kilometroetan "Gattunk!".

Sortzaileak, etxekoak
Etxean, etxekoek sortua da "Gattunk!"; Lur Etxeberria eta Intza Salsamendi usurbildarrak aritu dira irudimena lantzen. Urte hasieran Kilometroak 15eko irudi eta leloa proposatzeko herritarrei egin zitzaien deialdi irekian parte hartu zuten Etxeberriak, Salsamendik eta baita euren lagun taldeak ere. “Koadrilan egindako zerbait izan da. Koadrilan bildu ginen arratsalde batean, eta Kilometroetarako leloa eta irudia proposatzea erabaki genuen. Etxera joan eta ideiak biltzen hasita, gau horretarako leloa argi genuen eta hurrengo egunerako irudia. Dena oso azkar joan da”, zioen Lur Etxeberriak, Kilometroak 15 ekimena aurkezteko antolatzaileek eguerdian egin duten agerraldian.

Txalaparta hotsa
"Gattunk!" hitzak badu bere sonoritatea ere, leloak eta irudiak berak, “txalapartaren onomatopeia ekartzen digu gogora”, egileen esanetan. Iragan ez oso urrunean galtzeko zorian izan genuen musika instrumentua, gerora indar hartu duena. Txalapartaren eta euskararen arteko paralelismoa egiten zuen Lurrek. “Txalaparta Euskal Herrian 60. hamarkadan galtzeko zorian zegoen instrumentu bat zen. Usurbil eta inguruko herrietan mantentzea lortu zen. Pixkanaka indar hartuz joan zen eta gaur egun Euskal Herri osoan oso zabaldua dagoen musika instrumentua da. Euskararekin ere ahalegin horretan ari gara, oraina eta geroa ere izan dezan”. Txalapartak gainera, jaia, erritmoa, sormena edo inprobisazioarekin duen lotura nabarmendu dute sortzaileek, “hori da Usurbilen egin nahi den Kilometroak”.

Egileekin batera, Udarregi Ikastolako zuzendari eta lehendakariak, Mariaje Imazek eta Xabier Alustizak parte hartu dute Kilometroak 15 ekimenaren aurkezpen agerraldian. Baita Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkateak eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari Arantza Manterolak.