Mertxe Aizpurua, Usurbilgo alkatea: Kilometroak 15-ekin, “Usurbilgo herria kohesionatuko da”

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 29a, 09:36


Ikuspuntu guztietatik onuragarria, positiboa eta “gertakizun handia guztiontzat”. Herritar nahiz herriarentzat. 2015ean biziko dugun Kilometroen metro eta zentimetro bakoitza, ahaztezina izango dela zioen Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkateak, eguerdian burutu den aurkezpen ekitaldian. Gertakizun handia izango dela zioen, atzean lan handia duena, “izugarrizko lana, denbora eta indarra dago eta guzti horren emaitza izaten dira gertakizun hauek. Gainera sentimenduarekin lotura handia duten gertakizunak izaten dira. Gertakizun handia den heinean, onura handia ekarriko dio Usurbili”.

Dagoeneko Kilometroak ekimenean murgildua dagoen udalerri honetan, agertzen ari diren hainbat balore nabarmendu nahi izan ditu alkateak. “Lana eta esfortzua, ilusioa, irudimena dantzan jarri da ikusten denez. Konpromisoa eta auzolaneko baloreak landuko dira. Gaur ia ezagutzen ez diren pertsonen arteko harremanak sustatzeko baliogarria izango da. Iritzi trukaketa, erronkari aurre egiteko grina eta abar luze bat”, aipatu ditu.

“Euskaraz hezitzearen aldeko apustua ere babesten ari gara”
Kilometroak 15 ekimenak gainera, herri senari eusteko oinarri sendo bat suposatuko omen du. Herri senari eusten hain zuzen, Udarregi Ikastolak eginiko lana nabarmendu du. Herria eta euskara lotu dituen ikastola gabe ezingo genuke gaurko Usurbil ulertu, alkatearen esanetan: “Gaurko Usurbil ezin dugu ulertu ikastolatik at, gaurko Usurbil ez zen berdina izango ikastola ez bazen existitu. Ikastolak, herriak eta euskarak, hiru erpineko triangeluak osatzen du Usurbil. Hiru erpin horiek bata bestearen osagarri dira”.

Datorren urriaren 4an ospatuko den jaialdia, Udarregi, Usurbil eta Gipuzkoako ikastolen aldeko festa izango da. Baina baita, egun hizkuntz eskubideak bermatuak ez dituztenei babesa emateko ere. “Gaur egun, Ziburun, Tafallan, Trebiñun, eta euskararen lurraldearen udalen erdietan euskaldunen hizkuntz eskubideak ez daude bermatuta. Haurrak euskaraz eskolatzea suposatzen duen esfortzua izugarria da, eta ez da onargarria. Kilometroak babesten dugunean, Ipar Euskal Herrian, Nafarroan edo Trebiñun euskaraz hezitzearen aldeko apustua babesten ari gara ere”, zioen alkateak.