Xabier Alustiza, Udarregi Ikastolako lehendakaria: “2015eko urriaren 4an Usurbilen izango gattunk!”

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 29a, 10:44


Urtean zehar egingo diren ekimenetarako, baina batez ere 2015eko urriaren 4an Usurbila etortzeko gonbita luzatu du Xabier Alustiza Udarregi Ikastolako lehendakariak, Kilometroak15 ekimenaren aurkezpen ekitaldian. “Gipuzkoar guztiei, euskaltzale guztiei, eskatuko dizuegu, tartetxo bat egiteko zuen agendan. 2015eko urriaren 4an Usurbilen espero zaituztegu. Hemen izango gattunk!”, adierazi du, ekimeneko leloa ahotan hartuta.

Kanpotik datozenek hain zuzen, hemen herri oso bat izango dute zain. Alustizak gogoratu duenez, Kilometroak jaiak, ikastolen jaia izanda ere, “ikastolaren eremua gainditu eta herri osoa zipriztindu ohi du. Zer esanik ez Usurbilen, Udarregi Ikastola herriko eskola bakarra izanik, gurean zipriztin horiek uholde bihurtuko dira. Izan ere, uholde baten indarraz ekin diogu Kilometroak urteari”.

 

Oriotarren eskutik jaso du Usurbilek, Kilometroak 15 ekimena antolatzeko lekukoa. Oriotarrak eta aurreko edizioetako antolatzaileak gogoan izan ditu ikastolako lehendakariak. “Aurreko urteetan Kilometroak antolatu zutenen lana gure esku izateak asko laguntzen digu. Milesker aurreko urteetan antolatu zuten guztiei. Nabarmendu nahi genuke, Orioko Ikastolak eskaini digun laguntza. Beren esperientzia oso lagungarria izan zaigu eta izango zaigu”, adierazi du Alustizak.