Mariaje Imaz, Udarregiko zuzendaria: “Ikastolaren hasieran egon zen ilusio berberera hurbildu gaitu”

Noaua Aldizkaria 2014ko aza. 29a, 11:50


Bi helburu nagusi izango ditu, gaur aurkeztu den Kilometroak 15 ekimenak. "Udarregi Ikastolako eraikin berriaren finantzaketa eta eraikin honetan lantzen den hezkuntza proiektu pedagogikoa ezagutzera eman eta sakontzea", Mariaje Imaz ikastolako zuzendariak nabarmendu duenez. Azpiegiturei dagokienez, aipatu moduan, eraikin berria ordaindu eta bertan duten frontoia estaltzeko laguntza bildu nahi dute. 

"Erronka handia da", zioen zuzendariak. Helburuok betetzeko, auzolana izango da datorren Kilometroak urteko zutabe nagusia. Ikastolaren sorreran bezala, Imazek zioenez. "Prestaketa honek hurbildu gaitu ikastolaren hasiera hartan egon zen ilusio berberara. Orduan bezala, auzolanean egindako prestaketa bat izatea nahi dugu Kilometroak festa. Auzolana esaten dugunean, dioguna da, herriko gazte, zahar, ikasle, irakasle, guraso, ikasle ohi, emakume, gizon, guztiak nahi ditugula festa honen prestaketan. Horrela lortuko ditugu bi helburu nagusiak", nabarmendu du ikastolako zuzendariak. Jada ehunka herritar animatu dira auzolanera. 500 bat behintzat bai, eta gainerakoak ere parte hartzera animatu dituzte, Kilometroak 15 ekimenaren aurkezpen ekitaldian.

Martxan diren antolaketa lanei dagokionez, berrikuntzak izango direla iragarri du Imazek, "bai parekidetasunari, jasangarritasunari eta inklusibitateari dagokionean. Formula eta proiektu berriak sortzen ari gara eta joango zarete horren guztiaren berri jasotzen, jada martxan dagoen kilometroak.com atarian. Hor izango duzue lantzen ari garen guztiaren berri izateko aukera, urte osoan zehar".

Gure Zozketa
Tartean, laster martxan jarriko den diru bilketarako ekimen garrantzitsu baten berri ere emango dute aipatu atarian. Gure Zozketa, errifen salmentaz ari gara. “Orioko lagunek martxan jarri zutena. 60.000 euroko saria du”, sari potoloa Imazek gogorarazi duenez. Zozketan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Eta “guztion artean auzolanean, gureganatzea eraikin hori”.