Beterriko Garapenerako Elkartea eratzea onartu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 2a, 02:54


EH Bilduren babesarekin eta oposizio osoa, PSE, EAJ eta Hamaikabatek aurka zutela onartu ziren memoria eta estatutuak, azaroaren 25ean burutu zen osoko ohiko bilkuran. Modu honetan, gobernu taldetik gogorarazten zenez, orain arte gai honetan halako agentziarik ez izateak eragiten zituen hainbat zailtasun administratibo gaindituko dira, etorriko diren proiektuen “kudeaketa egoki eta arinago” bat ekarriko du. Gipuzkoa mailan garapen agentziarik ez duen eskualde bakarra izateari utziko dio bailarak gainera.

Behin elkartea eratuta, "lortu nahi diren helburuak egikaritzeko administrazio publikoko egitura egokiena zein izan daitekeen aztertzeko konpromezua” hartu zuen udalbatzak.  Oposizioak aho batez, proposamenaren aurka bozkatu zuen. Hamaikabatetik, abstenitzeko asmoa bazuten ere, azkenean aurka bozkatuko zutela iragarri zuten. “Gure apustua, ente publiko bat eratzea da”, zioen Josune Urkia zinegotziak. Ildo beretik mintzatu zen Josune Urkola (EAJ). Onartzera zihoazen memoria eta estatutuek “entitate publiko bat izango denik ez du bermatzen”. Bailarako gainerako udalerrietako txostenek aldekoak beharko luketen arren, ez dela halakorik gertatu gaineratu zuen. Ricardo Cresporen ustez (PSE), “forma juridikoa ez da onena. Entitate publiko bat behar luke, berme juridiko gehiago dituelako”.

Beterriko Garapenerako Elkartea

-Kideak: Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalerriak.

-Helburuak: Beterriko sustapen eta garapen sozioekonomikoa bultzatzeko eta bertako biztanleen ongizatea bermatzeko jarduerak abian jartzea.

-Ordezkaritza: Astigarragak %9,16, Hernanik %35,38, Lasartek %32,81, Urnietak %11,48 eta Usurbilek %11,17.
-Finantziazioa: Udal Foru Funtsaren arabera.
-Elkartearen gehieneko dimentsionamendua: gerente bat eta Hernaniko udalerrian egoitza soziala.