Ezti-egile, erlezain eta sektoreko adituentzat egun seinalatua da azaroko azken igandekoa. Baita aditu (edota aritu) ez den jendearentzat ere. Sustrai erroak dituelako Usurbilgo Erle Egunak. Jendea asko batu da aurtengo edizioan. Eztia eta gozoa erosteko hainbat postu zeuden Dema-plazan ipiniak, eta jende asko ibili da, batzuk zokomiran, besteak erosten. Stand batean ziren Udarregiko ikastolako DBHko ikasleak. Korrikako postua eta talo-egileak ere batu dira Erle Egunaren festara.
Ikusteko eta ikasteko tarterik ere izan da. Julian Urkiolak dastaketa bat gidatu du frontoian. Lagun asko izan ditu, adi, eztiari buruz eman dituen xehetasunei erreparatzen.
Eguerdian iritsi da une ikusgarriena, erle batek sarituentzako txapelak ekarri dituenean. Elizatik frontoirako bidea osatu du, txikienen gozamenerako. Eta segidan hasi da sari banaketa. Azpian dituzue sarituak.
Ezti iluna
Alejandra Gomez (Donamaria)
Iñigo Erauskin (Berrobi)
Ezti argia
Markos Pagola (Ereñozu)
Federico Villafranca (Iruñea)
Mila-lore
Anastasio Mujika (Legazpi)
Celedonio Askasibar (Zarautz)
Gozogintza
Sara Caballero
Maite Urkiola
Aurten ez da enkanterik izan. Eta sari banaketaren amaieran, hiru ezti-pote sarituak zozketatu egin dituzte, Erle Egunera etorri direnen artean.