Santo Tomas Azokarako jantziak prestatzen hasi

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 2a, 14:25


Hasi prestatzen baserritar jantziak. Abenduaren 14an Usurbilen ospatuko dugun Santo Tomas azoka badator eta. Astebete baino ez da geratzen jada, arrakasta handia izan ohi duten babarrun eta sagardo lehiaketetan izen emateko. Abenduaren 10a izen emateko azken eguna. 8 botila sagardo eta babarrun kilo batekin parte hartu eta sari ederrak irabaz ditzakezue herriko ekoizleek. Argibidea gehiago, albiste honetan beherago, NOAUA!ko egoitzan edo 943 360 321 telefono zenbakian.

Lehiaketekin batera, zenbait sorpresa eta berrikuntza izango ditugu datorren Santo Tomas Azokan. Adi datorren asteko NOAUA!ri. Aurrerapen moduan, hona hemen eguneko ekitaldi eskaintza:

Abenduak 14, igandea
Goizean zehar, gerturatzen diren guztiek sagardoa eta babarruna dastatu ahal izango dute, txistorra eta taloaz lagunduta. 
Bazkide egiteko aukera izango dugu aurten ere. Animatu eta egin Noaua!ko bazkide.

11:30 Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa Dema plazan. "Eguna joan eta eguna etorri baserrian bizi denak badauka hamaika zeregin. Noizik eta behin ezustekoak ere izaten dira. Ba al dakizu zer gertatu zitzaion Martin artzainari?".

12:00 Sohütako ikastolaren aldeko kanpainari bukaera emateko, Santo Tomaseko kantu-jira Mikel Laboa plazatik abiatuta, Kli-k Itsasuko txarangarekin.  

13:00ak aldera, sagardo eta babarrun lehiaketako sari banaketa. 

14:30 Herri bazkaria Udarregi Ikastolako jangela berrian, Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren alde. 
Prezioa: 20 euro. 12 euro, 12 urtetik beherakoentzat.
Txartelak: Txiribogan, Aitzagan eta Txirristran salgai. Txartela erosteko azken eguna: abenduaren 11.