"Konfesatokia" izango dugu, Euskararen Egunean

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 2a, 17:55


Arratsalde partean frontoiak zuen itxura ondoko irudian. Oholtza jarria zegoen eta horman, bi koloretan erdibituriko pankarta luze zuri beltz bat. Asteazken honetan ospatuko den Euskararen Egunerako "dekoratua" dugu. Autokritikarako baliatuko da gune hau, abenduaren 3an; herritar bakoitzak, euskarari dagokionez, aurten eginiko "bekatuak" aitortu eta hurrengo urterako penitentzia edo erronka adierazteko.

Hala da, ekimen original honekin, konfesatoki modukoan bihurtuko da frontoia aurtengo Euskararen Egunean. Herritarrek euskarari dagokionez, 2014an gaizki egin duten hori paper zati batean idatzi eta frontoian jarrita dagoen pankartako zati beltzean jartzeko aukera izango dute. Hurrengo urterako hobetu beharrekoa ere beste paper zati batean idatzi, eta gauza bera; kasu honetan pankartaren alde zurian itsatsita utzi ahal izango dute. Idazteko papera, asteazken iluntzerako iragarria dagoen kalejiraren ostean, frontoian egingo den gaztain banaketan eskuratzeko modua izango da.

Euskararen Egunaren bezpera honetan jada, lehen mezuak pankarta luzean jarriak ikusi ditugu. Eta Susana Martin herritarrak bideratzen duen Zirriborro tailerreko ikasleak pankarta apaintzen ari ziren. Usurbildarren txanda asteazkenean. Zer egin ote dugu oker, euskarari dagokionez agurtzear dugun 2014 honetan? Eta urte berrirako, zer dugu hobetzeko? Hasi pentsatzen, eta bihar denok, "konfesatzera". 


Euskararen Egunean, plazara 
Asteazkenean, abenduaren 3an, plazara denok, Euskararen Eguna ospatu, bizi eta aldarrikatzera. Herri eragile talde batek elkarlanean, etzi ospatuko den Euskararen Egunerako ekimen sorta antolatu baitu. Parte hartzera animatzen gaituzte. Jai giroan, Euskararen Eguna ospatu eta aldarrikatzera; euskarari geure agendan eta herriko plazan tartea egitera.

Abenduaren 3a ezohikoa izango da herriko ikastetxeetan. Eta ezohikoa aurten, iluntze partean kalean. Kalejira eta ekitaldi berezi baten bueltan hitzartu nahi dituzte herritarrak, Euskararen Eguna antolatzen aritu diren eragileok; besteak beste, Udarregi Ikastolak, Aginagako eta Zubietako Eskola Txikiek, Kantu eta Dantza Taldeek, Ziortza Gazte Elkarteak, Usurbilgo Gaztetxeak, Zumarte Musika Eskolak edota NOAUA! Kultur Elkarteak.

Abenduak 3, asteazkena
11:00-12:30 Aginako Eskolakoen eta Udarregi Ikastolako kalejira/euskaraokea/mezu                   jaurtikera/kalejira.
16:30-18:30 Haurrentzako hizkuntza-jolasak.
18:30 Kalejiraren hasiera Dema plaza, frontoi ingurutik.
19:30 Kalejira Dema plazan amaitu. Gaztaina erreak. Ekitaldia.

Antolatzaileak: herri eragile talde bat, elkarlanean.