Euskararen Nazioarteko Egun hau, geure ama hizkuntzari lotuta egin ditugun bekatuak aitortzeko eguna izango dugu Usurbilen. Iluntzean, gerturatu frontoira. Kalejira baten bueltan dantzan aritu ostean, nork bere bekatuak aitortzeko aukera izango du, pilotalekuan jarria dagoen pankarta handian.
Euskaraz bizi nahi dugun euskaldunok bekatariak baikara. Gaizkitxo ez, autokritikarako tartea hartzea abenduaren 3 honetan, herri eragile talde batek 18:30etatik aurrera frontoian antolatu duen ekimenean. Manifestua ere badu, euskaldun bekatarion egun honek:
Euskaldun bekatariori
Bekatarioi:
Ez al dizuete lotsarik ematen? Nolatan zarete gai egunero burua altxatzeko? Zuek bekatariok! Egunero zuen sinesmenei muzin egin eta beste jainkoak ohoratzen dituzue. Eta ez esan inkontzienteki egiten duzuela! Gezurra da eta hori!
Goizean jeiki eta “egunon” esan beharrean “buenos días” diozue. Eta gero, lanean edo eskolan edo bazkaria prestatzeko osagaiak erosten zabiltzatela dendan “hola” “kaixo” beharrean. Eta tabernara edo kafetegira joaterakoan eskuetan bost euroko billetea duzuelarik “¿Cuánto es?” galdetzen diozue zerbitzariari “Zenbat da?” galdetu beharrean. Eta horrela egun guztian zehar. Ez duzue lotsarik bekatariok!
Okerrena da, gauean lotara joan aurretik nahiago duzuela Goenkale ikusi beharrean Novako telenobela mexikar bat ikusi, edo Disney Channeleko Violetta ikusi, betiko Doraemon beharrean etb3n. Eta zer esan albisteen inguruan. Afaltzeko orduarekin batera denez etb2ko albisteak ikusten dituzuela etb1ekoak beharrean.
Eta halere, gauean lasai egiten duzue lo. Bekatu hauetaz kontziente izan gabe. Euskaldun deituko diozue zeuon buruari gainera! Gure profeta zaharrak negarrez daude euskaldunon zeruan. Lotsagarria! Deabruak hartuta bizi zarete! Luziferren aldera pasa zarete, bekatu originala ahaztu duzue, sagarrari koxk egitea ez nahikoa eta sagardoari zurrut egiten bizi zarete. Infernura kondenatuak izango zarete zuek denok eternitate guztirako!
Baina gure jainkoak erruki du, oraingoz bederen, eta zuen bekatuak barkatuak izan daitezke bizi zareten bitartean penitentzia egiten baduzue. Soilik horrela salba dezakezue zuen arima euskalduna.
Ergatiboaren,
nork-nori-noren
eta subjuntiboaren izenean,
hala izan bedi.