Herritar hori, jalgi hadi plazara! Euskaraz bizi nahi dugula jai giroan aldarrikatzera. Abenduak 3 ditu asteazken honek, Euskararen Nazioarteko Eguna dugu. Herri eragile talde batek egun osorako ekintzak antolatu ditu; Udarregi Ikastolak, Aginagako eta Zubietako Eskola Txikiek, Kantu eta Dantza Taldeek, Ziortza Gazte Elkarteak, Usurbilgo Gaztetxeak, Zumarte Musika Eskolak edota NOAUA! Kultur Elkarteak.
Usurbilen ere Euskararen Egunak bere plaza, herriko agendan bere txokoa izan dezan elkarlanean jardun dute eragile guztiok azken asteotan. Egun osoko egitaraua lotu dute.
Kalejira, eta "bekatuen aitortza" iluntzean
Goizean, ezohiko eguna izango dute ikastetxeetan. Aisialdiko ekimen ezberdinez gozatu ahalko dute haur eta gaztetxoek. Baita arratsalde partean ere. 18:30etan herritar guztiontzako hitzordua frontoi, Dema plaza bueltan. Kalejira lehenik, gaztain jana gero. Eta amaitzeko ekitaldia. Ekitaldi horren baitan, ekimen original bat.
Frontoira gerturatzen bazarete, oholtza jarrita eta horman, bi koloretan erdibituriko pankarta luze zuri beltz bat ikusiko duzue. Asteazken honetan ospatuko den Euskararen Egunerako "dekoratua" dugu. Autokritikarako baliatuko da gune hau, abenduaren 3an; herritar bakoitzak, euskarari dagokionez, aurten eginiko "bekatuak" aitortu eta hurrengo urterako penitentzia edo erronka adierazteko.
Herritarrek euskarari dagokionez, 2014an gaizki egin duten hori paper zati batean idatzi eta frontoian jarrita dagoen pankartako zati beltzean jartzeko aukera izango dute. Hurrengo urterako hobetu beharrekoa ere beste paper zati batean idatzi, eta gauza bera; kasu honetan pankartaren alde zurian itsatsita utzi ahal izango dute.
Zer egin ote dugu oker, euskarari dagokionez agurtzear dugun 2014 honetan? Eta urte berrirako, zer dugu hobetzeko? Hasi pentsatzen. Eta iluntzean denok, "konfesatzera".
Abenduak 3, asteazkena
11:00-12:30 Aginako Eskolakoen eta Udarregi Ikastolako kalejira/euskaraokea/mezu jaurtikera/kalejira.
16:30-18:30 Haur eta gaztetxoentzako hizkuntza-jolasak.
18:30 Kalejiraren hasiera Dema plaza, frontoi ingurutik.
19:30 Kalejira Dema plazan amaitu. Gaztaina erreak. Ekitaldia.
Antolatzaileak: herri eragile talde bat, elkarlanean.