Osakidetzan ordezkaritza duten SATSE, ELA, LAB, SME-FHH, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako langileak lan uztera deituak dituzte ostegun honetan, abenduaren 4an. Tartean, Usurbilgo osasun etxeko langileak. Zerbitzu hobeago baten alde mobilizatu eta suntsitutako lanpostuak berreskuratzeko protesta egitera irten dira kalera. Anbulatoriotik NOAUA!ri berri eman diotenez, aurreko greba deialdietan baino jarraipen handiagoa izaten ari da gaurko lan uztea. Usurbilgo osasun etxean, langileen erdiak bat egin du greba egunarekin. Pediatriakoak eta erizainek, anbulatoriotik aditzera eman digutenez.
Eguerdian hiriburuetan mobilizazioak burutuko dira. Sindikatuen esanetan, "galdutako enplegua berreskuratzeko, lan-karga onargarriekin lan egiteko, osasun zerbitzua hobetzeko eta soldata diskriminazioak kentzeko". Salatzen dutenez, azken hiru urteotan hain zuzen, 3.000 lanpostu suntsitu dira.
Honez gain, 8.000 langile hilero behin-behineko kontratuekin dabiltza lanean. 500 langilek hartzen dute erretiroa urtero. Zifra hauen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hurrengo bi urteotarako 474 lanpostuko enplegu deialdi publikoa egin du. "474 lanpostutako eskaintzaz hitz egitea lanpostu suntsiketa eta prekarietatearen aldeko apustua izateaz gain, gizartea osoari burla egitea da", sindikatuen esanetan.
Ostegun honetako Osakidetzako greba orokorren aurretik, herrialdekako lan uzteak egin dira aurreko asteetan. Ez dute halere, jarraipen zabalik izan. Gaurkoak badirudi baietz, aurreko deialdiek baino eragin handiagoa izango duela.