Eusko Jaurlaritzak Zubietako hondakinen tratamendu plantari ukaturiko ingurumen baimen bateratuaz zuten iritzia plazaratu dute eguerdian, Eguzkik, Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak eta Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak. Gogoan izan, Jaurlaritzak Zubietan eraiki asmo dagoen plantari baimena luzatzea ukatu diola eta horrek, azpiegituron lanak atzeratzea eragingo du. Urtebetez behintzat bai, Donostiako Udalean aipatu hiru eragileetako ordezkariek eginiko agerraldian adierazi dutenez. Ondorioz, "urtebetez luzatuko du milaka gipuzkoarrek zabortegi kutsagarrien inguruetan bizi beharra".
Jaurlaritzaren erabakiaren aurrean haserre eta kezkatuta agertu dira eragileok. "Azken aldian, abantaila elektoralak bilatzeko ahaleginean, alderdi jakin bateko zuzendaritza, guztion onerako lanean aritu behar luketen erakundeak instrumentalizatzen ari baita, zertarako eta hondakinen kudeaketa iraunkor baterako egina dagoen plangintza oztopatzeko", diote.
Kezkatuta, halako erabaki gehiago etor daitezkeelako
Ez dute ulertzen, Jaurlaritzak nolatan jokatzen duen malgutasunez Bizkaiko Zalla eta Alonsotegiko zabortegi kutsagarrien kasuan, nolatan eman zioten errauste plantaren egitasmoari ingurumen baimena. Eta nolatan ez zaion eman, egun Zubietan aurreikusiak dauden azpiegiturei. "Materia organikoa erraustu beharrean gaika bildu eta konpost bilakatzea arazo bihurtu da, norentzat eta Ingurumen Sailarentzat", zioten agerraldian parte hartu duten eragileek.
Ingurumen baimen bateratua ukatzeko Jaurlaritzak hartutako erabaki honez gain, gehiago ere etor daitezkeela ohartarazten dute. Hauteskundeetarako hilabete gutxi falta den honetan, "kalte handiagoa egin dezaketen erabaki sorta programatuta ote dagoen" susmoa dute.
Halere, oztopo guztien gainetik, zero zabor bidean sakontzeko deia egin dute. "Iraganeko eredu kutsagarriak atzean utzi eta etorkizun hobeago bat eraikitzen segi dezagun", luzatu diete gonbita, administrazio, herritar eta eragile politikoei.
Agerraldi osoa, albiste honi atxikia doakizuen bideoan.