Zubietako zabor edukiontziak, zigilatuta

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 4a, 17:41


Kutsadura iturri diren Zubietako zabor edukiontziak zigilatu ditu Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteak, hilabete hauetan burutzen ari den kanpainaren baitan. "Zabor edukiontzia birziklatzera!" aldarripean, zabor edukiontziari gerra ideologikoa deklaratua diote. Guda udazken honetan hasi zuten, dantza batekin. Eta guda horren segida da, ostegun honetan Zubietan egin den edukiontzien zigilatzea. Ekimen honen bidez, "Donostiako udal ordezkariei, besoak gurutzaturik gera ez daitezen eskatzen dizuegu, eta, gaur irudikatutako zigilatzeaz gogorarazi zuen ardura eta betebeharra dela zabor edukiontziak zigilatzea, kaleetatik ezabatzea".

Ez da zubietareak eskaera hau egiten duten lehen aldia. "Legealdi hau hasi zenetik behin eta berriz eskatu dio Zubietako Herri Batzarrak Donostiako udalari zabor edukiontziak kendu ditzala. Zabor edukiontziak hortik kendu behar dira, hobe esanda, kendu behar dituzte. Zabor edukiontzia kentzen denean gaikako bilketan jauzi ikusgarria ematen dela irakatsi baitigu esperientziak. Guk ez diegu nola egin esango, soilik haien betebeharra bete dezatela eskatzen dugu, gaikako bilketa eraginkor bat berma dezatela, arazoa sortzeko bitartekoak ken ditzatela eta gizon-emakumeon eskubideak zain ditzatela", galdegiten dute.

"Onena, ahalik eta zabor gutxien sortzea"
Eskubideok bermatzea, agintarien betebeharra dela gogorarazten dute. Oraindik, ingurune osasungarri batean bizitzeko eskubidea urratzen segitzen dutela nabarmendu dute. "Ez da asko gure lurretan errauste planta bat eraikitzearen mehatxua gainetik kendu genuela, eta bada oraindik gure herria proiektu hori berrartzearekin mehatxu egiten duenik. Mehatxu hori deusezteko modurik onena ahalik eta zabor gutxien sortzea da", gogorarazi dute Zubietatik.

Ahalik eta zabor gutxien sortzeko berriz, gaikako bilketa indartu behar. Administratiboki bitan zatitua dagoen Zubieta, bitan zatitua dago baita hondakinak kudeatzeko sistemari dagokionean ere. Eta aldea nabarmena da. "Usurbilek administratutako erdian, hondakinak bilketa pertsonalizatu bidez biltzen diren erdian, %80ko gaikako bilketa daukagu. Donostiak administratutako erdian, zabor edukiontziak dauden erdian aldiz, %30aren bueltan. Herri bat, bi sistema, herri bat, bi emaitza", diote Zubietatik. Donostiari zabor edukiontziok ezabatzea eskatzen diote.