Ostiral honetan, abenduaren 5ean ireki eta hilaren 8ra arte bisitatu ahalko dugun 49. Durangoko Azokako eskaintza zabalean ez galtzeko, gida ezin lagungarriagoa. Euskal Herriko 100 bat udal eta mankomunitateetako Euskara Zerbitzuk landutako Euskarazko Produktuen Katalogo berria, hamazazpigarrena, eskuragarri dugu jada. 120.000 bat ale inguru banatuko dira eguberri aurreko tarte honetan, Euskal Herri osoan. Kopuru horretatik hainbat ale, egunotan eskuratu ahalko dira Usurbilen.
Badatozkigun eguberrietan oparitzeko gida ezin egokiagoa da katalogoa. Urtean zehar euskaraz ekoiztu diren gurasoentzako materialak, jostailu eta jokoak, liburuak, komikiak, aldizkariak, informatika eta app-ak, DVD filmak, musika... Ehunka erreferentzia aurki ditzakegu guztira, 16 urte arteko haur eta gaztetxoentzat. Produktu bakoitzaren ondoan, oinarrizko informazioa, irudia eta gutxi gorabeherako prezioa ezagutzeko aukera dugu.
Informazio gehiago sarean
Katalogoan ehunka erreferentzia aurki baditzakegu, are gehiago sarean, "erraz eta azkar bilatzeko maneran!". Sartu katalogoa.org atarian eta arakatu orrialdea. Nahi dituzuen kontsultak egiteaz gain, iruzkinak egin eta web gunetik bertatik gustuko dituzuen produktuak nahi duzuen horri aholkatzeko aukera izango duzue. Erosketak egin nahi dituzuela? Etxeratu nahi duzuen produktua klikatu eta hautaturiko produktuaren argitaletxeko denda birtualera helduko zarete. Eta atari horretan bertan eskuratu ahalko duzue baita, jada kalean den katalogoaren papereko edizioa ere. Web gune bizia, dinamikoa beraz. Urtean zehar eguneratzen doana, "argitaletxeek berek aukera baitute produktu berriak zuzenean sartzeko merkaturatu ahala eta deskatalogatuak gelditu direnak kentzeko".
Katalogoa, papereko edizioa: Katalogoa 2014-15
Katalagoa, sarean: katalogoa.org
Durangoko Azoka sarean: durangokoazoka.com