Txinan ere, Gipuzkoako Zero Zabor bidea ezagutzeko jakinmina

Ez da atzerritik hemen dugun hondakinen kudeaketa eredua ezagutzera datorren lehena. Azkena ere ez ziur. Egunerokoan inguruotan hondakinak gutxitu, birziklatu eta berrerabiltzen egiten den saiakerak nazioarteko hainbat lagunen arreta erakarri izan du. Gurean indarrean dugun hondakinak kudeatzeko sistema ezagutzeko interesa erakutsi dute. Eta hona etorri izan dira, hondakinen alorrean egiten dena bertatik bertara ikustera. 

Gaur goizean bertan, Txinako Zero Zabor Aliantzako ordezkari bat bisitan izan dugu Usurbilen. Yimin. Guangzhoun hirian dagoen Ecocanton izeneko taldeko kidea da. Europako zero zabor esperientziak ezagutzera etorri da. Parisen eta Bartzelonan egon da. Bidaia horren baitan, Euskal Herrira etortzeko tartea hartu du. Bi egunez izango da gure artean.

Hasteko, nola ez, Usurbilen. Bisitan izan dugu goizean. Lehenbizi Potxoenean, aurkezpen orokor bat egin zaio. Euskal Herriko hondakinen kudeaketaren egoeraren eta azken urteotan Gipuzkoak izan duen bilakaeraren berri jaso du. Segidan, bilketa eredua eta azpiegiturak ezagutzen izan dugu; auzokonpostatze guneak, Garbigunea, atez ateko bilketa... Erraustegia egin behar zuten eremura ere igotzekoa zen. Arratsaldean, Tolosaldea eta Goierri bisitatuko ditu, gidari lanak egiten ari diren Zero Zabor Ingurumen Babeserako Elkarteko kideekin batera. 






Saria, begi bistan
Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2014ko Zero Zabor saria jaso zuten, duela hiru urte auzokonpostatzen aitzindari izan ziren Errekatxikiko guneko familiek. Azaroaren 24an jaso zuten saria. Plaka eder askoa, familiok egunero hondakin organikoa konpost bihurtzeko auzolanean diharduten eremuan bertan jarri dute. Errekatxikiko auzokonpostatze gunearen sarreran. Goiko irudian duzue.