Gazte lokalen inguruko parte hartze prozesuko azken bilera, 19:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 10a, 12:50


Hilabete iraun duen gazte lokalen inguruko parte hartze prozesua amaierara heldu da; asteazken honetan, 19:00etan Potxoenean, azken bilera.

Usurbilgo Udalak, Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean abian duten gazte lokalei eta bizikidetzari loturiko parte hartze prozesuko azken txanpa honetan, bilera bateratu bat egingo du gazte eta helduekin. Azaroaren 26an egin bezala. Ordura arte, aurrez gazte lokaletako erabiltzaileekin antolatu ziren lan saioak. Baita egoitza hauen jabe, bizilagun eta gazteen gurasoekin ere. Modu bereizian egin ziren lanketok. Ikuspegiak bateratzeko unea dator orain. Asteotan gazte zein helduek eginiko ekarpen eta datu bilketekin, tailer modukoa egingo da asteazken honetan. Denek batera, ekarpenak egin eta egon daitezkeen desadostasunak argitzeko tartea hartuko da.

Gazteak eta helduak daude hitzartuak, asteazken honetako bilkuran. Helduen artean interesa piztu du parte hartze prozesuak. Gai honetan zer esana dutelako, abian den prozesu honen baitan, gazte lokaletako jabeak, lokalon inguruan bizi diren herritarrak, eta gurasoak bilera batera deitu zituzten, azaroaren 12an Potxoenean. Deialdiak erantzun zabala izan zuen. Usurbilgo Udalak Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, gazte lokaletako erabiltzaileei eginiko galdeketekin osaturiko diagnosia aurkeztu zuten. Hortik aurrera, bertaratu zirenen proposamen eta ekarpenak bildu zituzten.

Oraingoan, heldu eta gazteek, azken ekarpenak egiteko bilera bateratua izango dute asteazken honetan, 19:00etan Potxoenean.