60.000 euroko saria jokoan, #Kilometroak15 laguntzeko Gure Zozketa ekimenean

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 10a, 23:54


Sari potoloetan potoloena; 60.000 euro irabazteko aukera duzue ahalegin txiki-handi bat eginda. Erosi, salgai izango diren Gure Zozketa ekimeneko errifak. Txartel bakoitza 5 eurotan eskuratu ahalko duzue. Errifak erosita, #Kilometroak15 ekimena babestu eta Udarregi Ikastolako eraikin berriko gastuari aurre egiten lagunduko duzue. 

Gure Zozketa, pasa den Orioko Kilometroak jaialdian antolatu zuten estreinakoz. Arrakasta itzela izan zuen. 55.000 txartel saltzea lortu zuten. Orain marka hau hobetzea dagokio Usurbili. “Banatzen dugun Gure Zozketako txartel bakoitzeko, 5 € geureago gattunk!”, diote #Kilometroak15 ekimeneko antolatzaileek. Gure Zozketa ekimenaren inguruko zehaztasunak azaldu dizkiote NOAUA!ri.

Gure Zozketa. Zertan datza?
#Kilometroak15: Gure Zozketa Usurbilen, Gipuzkoa eta Euskal Herri osoa zoriontasuna banatuko duen zozketa izango da. Batetik, Usurbilen, lortuko diren baliabide ekonomikoen bidez Udarregi Ikastolan garatzen ari garen pedagogia berritzailean sakonduko dugulako, besteak beste, ikastolako eraikin berriaren maileguaren (1,5 milioi € zor dizkiegu bankuei) zati bat ordainduz. Bestetik, ikastolen mugimenduaren, euskararen eta euskal nortasunaren aldarria lau haizetara zabalduko dugulako. Eta azkenik, zenbaki saridunari, aurreko lorpenen bidez zoriontasuna emateaz gain, 60.000€-ko saria banatuko diogulako.

Orion antolatu zuten estreinakoz. Usurbilen esperientzia errepikatuko bada, Orioko emaitza onengatik izango da ezta? Kilometroak-en finantziazioan zer nolako eragina du ekimen honek?
Orioko Herri Ikastolak jaiaren inguruko gogoeta integral bat burutu ondotik etorri zen ekimen hau. Azken urtetan, Kilometroak jaiaren bidez lortutako diru sarrerak kontsumoari estuki loturik zeudela ikusirik eta hauen beherakada nabarmena izanik, euskararekiko, euskal nortasunarekiko eta ikastolen mugimenduarekiko ekarpen ekonomiko kontziente eta arduratsuagoa lortuko zen ekimen bat sortzea erabaki zuten. Hau izan zen hausnarketaren abiapuntua eta emaitza, Gure Zozketa ekimena. Ekimen honek arrakasta itzela izan du Orion, izan ere, 55.000 zozketa-txartel inguru banatu baitituzte Euskal Herri osoan. Zoriontzekoa da oriotarrek egindako ekarpen eta auzolana. Kilometroaken finantziazioan ere izan du eragina, noski, zutabe ekonomiko nagusienetako bat bilakatu baita, nagusiena ez esatearren. Abiapuntua, prozesua eta emaitza ikusirik, Usurbilen ere ekimen arrakastatsu honi jarraipena ematea erabaki dugu, oriotarrek lortutako emaitza hobetzeko gogoz eta ilusioz. Seguru gaude lortuko dugula!

Orioko Kilometroak ekimeneko funtzionamendu bera izango du Usurbilgo Gure Zozketak?
Orioko Kilometroak ekimenean garatutako indarguneak errepikatu eta beraien baloraziotan topatutako ahulguneak hobetzen saiatuko gara. Ekimenak ez du bilakaera handirik izango, beraien arrakasta izanik ekimena egonkortzea baita lehen helburua. Dena den, izango du usurbildarron ukitua.

Errifon salmenta zer modutan bideratu asmo duzue?
Gure Zozketako txartelen salmentarako, gaur gaurkoz, lau bide nagusi jorratuko ditugu. Batetik, Gipuzkoako saltoki, farmazia, sagardotegi, jatetxe edota tabernetan eskuragarri jarriko ditugu. Bestetik, Gipuzkoa osoko festaz festa, azokaz azoka eta ikastolaz ikastola ere salmenta aktiboan jardungo den talde bat osatzen ari gara, arropa salmentan irteeretan dabiltzan taldeekin batera.  Internet bidez ere, kilometroak.eus atarian egongo da txartela eskuratzeko aukera. Azkenik, eta Orion ekimen honen arrakastaren giltza izan den bidea jorratuko dugu, hau da, hezkuntza-komunitate osoaren konpromisoa eta inplikazioa. Horretarako, Orioko Ikastolaren eredua jarraituz, Udarregi Ikastolan ere, hezkuntza komunitate osoaren laguntza beharrezkoa izango da. Orioko emaitza ikusirik (bataz beste familia eta langile bakoitzak 50 txartel banatu zituzten), Udarregi Ikastolako familia eta langileei zozketa-txartelak banatzeko konpromisoa hartzeko gonbita luzatzen diegu.

Herritarrona izango da errifak erosi, baina baita saltzeko ardura. Salerosketarako laguntza beharko da ezta?
Esan bezala, ekimen hau arrakastatsua izan dadin, Kilometroak 2015eko beste arlo guztietan bezalaxe, herritarron konpromisoa eta inplikazioa beharrezkoa izango dira. Honen bidez, salmenta aktiborako osatzen ari garen taldea indartu nahiko genuke, horretarako prestutasuna duenak, Udarregi Ikastolarako idazkaritzan izena ematea nahikoa delarik. Salmenta aktiboan jardun ezin duenari aldiz, ekimena inguruan zabaldu eta zozketa-txartelak eskuratzera bultzatu nahi dugu.

Besterik?
Aipatu dugun guztiagatik eta batez ere, banatzen dugun zozketa-txartel bakoitzak 5 € geureago egiten gaituelako, ekimen hau babestu, bultzatu eta ekarpena egitera gonbidatu nahi ditugu herritarrak. Izan ere, zoriontasuna banatzeko zoriontasunez, umorez eta irrifar goxo batez garatuko dugun ekimena izango baita. Giro ederrean txartelak saltzera animatzen bazarete, aurrera, laguntza oro ongi etorria izango da eta!