"Biba zu biba gu. Zorionak Euskal Herria!", oso pozik agertu dira, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzeko, udazken parte honetarako elkartasun kanpaina bideratu duen Errigora bilguneak. Nafarroa hegoaldeko tokiko produktu goxoez hornituriko saskiek arrakasta itzela izan dute. Euskal Herriko 200 herri inplikatu dira kanpainan, 12.000 saski banatu dira 700 guneetan, eta guztira, 151.000 euroko laguntza bildu da auzolan sare zabalari esker.
Jasotako laguntza, Nafarroa hegoaldeko euskalgintza suspertzeko hiru proiektuotara bideratuko dute; Erriberako ikastoletara, Erriberako AEKra, eta “Euskaraz bizi eta ikasi” herri ekimenaren Hamarratz proiektura. Usurbilek bere alea jarri du elkartasun kanpaina honen baitan. Guztira, 79 otar saldu dira, ekimenarekin bat egin duten guneotan; Udarregi Ikastolan, Aitzagan, Aizpurua okindegian eta NOAUA! Kultur Elkartean. "Zorionak eta eskerrik asko", antolatzaileen izenean. Eskertza moduan, albiste honi atxikia doakizuen bideoa zabaltzen dabiltza.