Gabon kanten saioak prestatzeko lanak martxan

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 12a, 06:17


Kanturako gogoz irteten da kalera herritar bat baino gehiago eguberrietan. Abesteko hitzordu faltarik ez dugu eta izaten. Aurtengoan ere, bi egunen bueltan bilduko dira gabon kantak abestera, haur, gazte nahiz helduak. Ikasleek emango diete ongi etorria gabonei; gaur zortzi, abenduaren 19an. Gabonetako oporretara joan aurreko azken klase eguna izango dute, eta usadioari jarraituz, baserritar jantziekin kalejiran irtengo dira ikasle nahiz irakasleak. 

Herri eragile ezberdinek deituriko hitzorduak izango ditugu bestalde, abenduaren 24an. Aginagan, Zubietan, Santuenean eta Kaxkoan, gabon kantekin alaituko dituzte, eguberri egun bezperako azken orduak. Ekitaldiok prestatzeko lanak martxan dira. Zubietan, entsegu saio bana deitu du Zubieta Lantzenek, datozen bi ostiral hauetarako; iluntzeko 19:00etan, Kaxkapen. "Zahar, heldu, gazte eta haur, animatu guztiok! Ea talde polita osatzen dugun abenduaren 24rako". 

Abenduak 19, ostirala
Udarregi Ikastola
9:30-10:50 DBH eta LHko ikasle-irakasleen kalejirak.
11:25 HHko haur, guraso eta irakasleen kalejira, Agerialdetik frontoira.
17:00 Olentzeroren etorrera Haur Eskolara.

17:30ak aldera abestera Kalezarretik Kaxkora. 

18:15ak aldera frontoian elkartu. Girotzeko musika eta pintxoak salgai.

Aginagako Eskola Txikia
Goizean zehar, abestera irtengo dira.

Ondoren, San Praixku Guraso Elkarteak antolaturiko hamaiketakoa.

Zubietako Eskola Txikia
12:00 Gabonetako kantuen saioa errebote plazan (eguraldi txarra egingo balu, frontoian).
Ondoren, txistor jana.

Abenduak 24, asteazkena
09:00 Aginagan: eliza paretik, gabon kantak abestera etxez etxe. Antolatzailea: Aginagako parrokia.
Bazkalostean, 
Zubietan: gabon eskea. Antolatzailea: Zubieta Lantzen.
17:00 Kaxkoan: Parrokiakoen irteera. Antolatzailea: Parrokia.
17:30 Kaxkoan: Olentzero jira euskal preso eta iheslarien eskubideen alde, frontoitik abiatuta.
 Antolatzaileak: Usurbilen Nahi Ditugu, Kantu Taldea.
18:00 Santuenean: Olentzeroren irteera auzo elkartetik.
 Antolatzailea: Santuenea Auzo Elkartea.
19:00 Kaxkoan: Olentzero taldeen amaiera bateratua frontoian.