Jostailu Azoka larunbatean, material bilketarako azken eguna gaur

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 12a, 09:54


Liburuak, panpinak, puzzleak, denetariko jolasak... Lehenengo eguna eta Sutegiko erakustaretoa materialez betea zegoen. Ostegun iluntzerako deitua zuen Hitz Aho Udarregi Ikastolako Guraso Elkarteak, jostailu erabiliak Sutegiko erakustaretoan biltzeko hitzordua. Eta herritarren erantzuna, begi bistan duzue. Ostiral honetan, 17:00etatik 19:00etara leku berean egongo dira Hitz Ahokoak, herritarrek utzitako materialari lekutxoa egiteko prest.

Gogoan izan; utzitako jostailuek osorik egon behar dute, DVD eta antzekoek jatorrizkoak izan beharko dute, materiala doan eman beharko da, eta trukean, azoka egunerako beste jostailu batengatik aldatzeko txartela eskuratu ahalko da. Azoka egunean jostailuren bat trukatu nahi duen 8 urtetik beherako haurrak arduradun batekin parte hartu beharko du ekimenean.

Egunotan bildutako material guztia, larunbatean jarriko dute ikusgai, 11:00etatik 13:00etara frontoian ospatuko den VIII. Jostailu Erabilien Azokan. Azoka bera, trukerako baliatuko da.