Usurbil Kirol Elkarteak NOAUA!ri berri eman dionez, C.D. Bidasoa taldeak Usurbil K.E.-ko senior mutilen 1. nazional mailako jokalari Mikel Alzaga fitxatu berri du. "Bidasoak, bere orain arteko emaitza kaxkarrak ikusita, 1. nazional mailako goleatzaile onenetako batean jarri du begia, partidako ia 8 gol sartu baititu orain arte (Alzagak) 1. nazional mailan", berri eman dute eskubaloi taldeen bilgunetik.
Jokalaria taldez aldatuko da, baina momentuz behintzat, badirudi Usurbil Kirol Elkarteak ez duela ordezkorik fitxatuko. "Usurbil Kirol Elkarteak jokalari handi bat galtzen du. Taldeak hala ere etxekoekin aurrera jarraituko du. Ez da aurrikusten inor gehiago fitxatzea", ohartarazi dute.
Mikel Irunera, Jon itzuli berritan
Mikel Alzaga Irunera doa eskubaloian lehiatzen jarraitzera, bere anaia Jon Usurbilgo taldera itzuli berria zenean. Usurbil K.E-k 25 urteko usurbildarra senior mutilen 1. Nazional mailako taldean fitxatu zuen azaroan. Ibilbide oparoa osatu du Jon Alzagak. Eibarrekin Asobal ligan jokatu zuen, Eibarko taldea desegin eta Kantabria aldera joan zen. Torrelavega taldean aritu zen urtebetez, Zilarrezko Ohorezko Mailan. Azken urteotan, maila berean Zarauzko Amenabarren egon da. Alzaga, eskubaloi taldeen bilgunean jokalari gisa soilik ez, entrenatzaile lanetan ere aritu da anaia Mikelekin batera; kadete nesken A taldea prestatzen.