Aski dela esan dute herritarrek. Azken egunotako eraso sexistak ezin direla erantzun gabe geratu. Azken egunotan emakumeen aurka izan diren erasoak salatu dituzte herritarrek iluntzean, Usurbilgo Eragile Feministak deituta, Mikel Laboa plazan burutu den elkarretaratzean. Indarkeria sexistarekin amaitu beharra dagoela aldarrikatu da beste behin.
Gogoan izan, asteazkenean bi emakume, ama-alabak erahil zituzten Abadiñon (Bizkaia). Gizonezko batek bere bi alabak duela egun batzuk Asturiasen. Erahilketok eta oro har, eraso sexistak salatzeko deitu du iluntzeko mobilizazioa, Usurbilgo Eragile Feministak. Eta bat egin du, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak azken egunotako eraso matxisten harira kaleratu duen adierazpen honekin:
ABADIÑON ERAILDAKO BI EMAKUMEEN HARIRA, EUSKAL HERRIKO EMAKUMEEN MUNDU MARTXAREN ADIERAZPENA:
Astearte honetan Abadiño asaldatuta jaiki zen eta horrekin batera, Euskal Herri osoa. Jakin genuen bi emakume, ama-alabak, haren gizon eta suhiak erail zituela haien etxean. Emakumeon aurkako beste eraso honen aurrean honako hau adierazi nahi dugu:
-NAZKATUTA gaude. Haserre ez, oso haserre. Beste behin ere, emakumeon aurkako indarkeria kasu baten aurrean gaude, eta gainera, kasu honen krudelkeria aintzat hartuta, gure gaitzespen osoa eta salaketa irmoa egin nahi dugu ezer baino lehen.
-Kontziente gara, emakumeon aurkako indarkeriak ez duela etenik, eta honen aurrean ezin dugu gure amorrua, nekea eta haserrea besterik adierazi.
-Salatu nahi dugu, beste behin ere, kasu honi eman zaion trataera publiko zein mediatikoa. Salatu nahi dugu, hasiera batetik genero indarkeriarekin lotzeko jarritako erresistentziak hainbat kargu publiko, adierazpen zein komunikabideengatik. Besteak beste, herriko alkatearen lehen hitzak “oso arraroa litzatekeela” esanez, edo hainbat telebista kateetan bestelako teoriei emandako pisua “gizon bakar batek hori dena ezin egin” zezakeela argudiatuz.
-Ba gogorarazi nahi dugu, tamalez ez dela hain arraroa eta berriz ere, ardura publikoa duten horiei prudentziaz jokatzeko ardura exijitzen diegu.
-Azken aste hauek gogorrak izaten ari dira emakumeon aurkako indarkeria dela medio, eta ezin dugu ahaztu Euskal Herrian urtea amaitzear doala 5 emakume erail dituztela dagoeneko, Bilboko gizon batek bere bi alabak erail zituela Asturiasen berriki eta eta egunero ditugula bortxaketa, eraso eta abarren berri.
Beraz, ozen diogu: nazkatuta gaude eta ez gara isilduko! Emakumeok aske bizitzeko eskubidea dugulako!!
GORA BORROKA FEMINISTA!
GORA EMAKUMEON BIZITZAK!
Euskal Herrian 2014ko abenduaren 10ean
EUSKAL HERRIKO EMAKUMEEN MUNDU MARTXA