Nafarroa hegoaldeko euskalgintza sustatzeko Errigora ekimenak antolaturiko elkartasun kanpainaren baitan, produktu goxoez hornituriko saski eder askoak saldu genituen azaroan. Baina ez guztiak. Oraindik otar bat oparitzeke baitugu. Eta zuetako edonorena izan liteke. Ate joka ditugun eguberrietarako opari ezin aproposagoa da. NOAUA! Kultur Elkarteak erositako otarra zuenganatzeko zer egin behar duzuen?
Gerturatu igande honetan, abenduaren 14an, frontoian antolatu dugun Santo Tomas Azokan, NOAUA!k izango duen postura. "Fotokol"-a zain duzue. Hartu, goiko irudian ageri den "leiho" modukoa, sartu zuen burua "leiho" barruan eta argazki bat aterako dizuegu. Argazkia ateratzera animatzen zareten guztion artean zozketatuko dugu Errigorako saskia, igande eguerdiko 13:00etan frontoian. Animatu! Zain duzue otar eder hau: