Kantu kantari Santo Tomas azokan

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 14a, 14:25

Amaitu da Santo Tomas azoka. Baina giroa pil-pilean da oraindik frontoi inguruan. Kantuan ari dira giro hotzari aurre egiten Usurbilgo Kantu Taldekoak. Gaurkoan gainera, Kli-k Itsasuko txarangarekin batera dabiltza kalejiran. Ohi bezala, Santo Tomas eguna baina astebete lehenago ospatu da eguna Usurbilen. Jende asko batu da eguerdi partean frontoi inguruan, eta babarrun zein sagardo lehiaketako sari banaketak zuzenean jarraitzeko aukera izan dute. Ez dira oholtzara igo diren bakarrak izan.

Nafartarrak taldekoak Zuberoako Ikastolen aldeko elkartasun kanpaina egin dute eta aurten 8.600 euro batu dituzte. Hernanin, Lasarte-Orian, Zarautzen, Zumaian eta Usurbilen saskiak saltzen aritu dira eta horri esker bildu dute diru hori guztia. Eperra ikastolako guraso talde bat hurbildu da azokara saria jasotzera. 

Gainontzean, bazen zer dastatua. Talo-egileak jo eta su aritu dira lanean. Udarregi ikastolako DBHko ikasleak ere gozoa saltzen izan dira frontoian. NOAUA!kook, aurten, babarruna eman dugu dastatzeko. Eta babarrunek ere arrakasta izan dute. Beste urte batzuetan bezala, Sagardo Egunaren Lagunak taldeko kideek lehian izan den sagardoa banatu dute. 

Ipuin kontalaria eta photocall-a

Azoka hasieran, Ixabel Agirresarobe izan da protagonista. Ipuinak kontatzen izan da, bere ingurura bertaratu diren haur zein gaztetxoen aurrean. Eta azokaren bueltan ibili direnak, NOAUA!ren photocall-ean argazki bat ateratzeko aukera izan dute. Jende askok hartu du parte ekimen xelebre honetan. Laster ipiniko ditugu argazki denak ikusgai.