Gabonetako Haur Parkean lan egiteko deialdia

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 15a, 08:30


Gabonetako Haur Parkerako langileak behar dituzte. Interesdunek, jolastoki erraldoia kudeatuko duen Keima enpresara bideratu ditzakete kurrikulumak, abenduaren 19a baino lehen. Helbide honetara: keima@sartu.org

Lan deialdian parte hartzeko ezinbestekoa izango da begirale titulua izatea eta baita EGA edo baliokidea den titulua. Egin beharreko lana? Argi denez, Gabonetako Parkean 2-12 urte arteko haur eta gaztetxoekin lanean aritzea hiru egunez. Gune ezberdinez osatuko da, eguberrietako oporretan Kiroldegia aisialdi eremu bihurtuko duen jolastokia. Dinamizatze eskenatokia, jazz dance, esperimentuak egiteko zientziaren karpa, berrerabilera eta birziklapena sustatzeko tailerra, makillatzen ikastekoa, 2-6 urte artekoentzako ludoteka, puzgarriak, ekitaldi bereziak egunero... Guztia, haur eta gaztetxoek primeran pasatzeko. Urtarrilaren 2tik 4ra Oiardo Kiroldegian.

Gabonetako Parkea
Epea: urtarrilaren 2tik 4ra.
Ordutegia: 11:30-13:30, 17:00-20:00.
Tokia: Oiardo Kiroldegia.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

Ekitaldiak egunero
Urtarrilak 2, ostirala
18:30 "Lapurretak" zirko ikuskizuna: "Ikuskizun dibertigarria eta partehartzailea da. Zigor Ozpin lapurretak egiten ditu baina ez da politikaria, PAILAZOA baizik. Munduari bira eman ondoren eta ehunka emanaldi ikusi eta gero, martxan jarri du bere estiloa daraman ikuskizun berria. Lortuko al du garaile ateratzea? Edo, jendeak bere aurpegia tomatez josiko du? Gertatutakoa gertatuta, espero dut dena hankaz gora jartzea eta partehartzaileei momentu atsegina pasaraztea".

Urtarrilak 3, larunbata
18:30 Txalaparta tailerra.

Urtarrilak 4, igandea
18:30 Diskotxikia.