V. San Silvestre herri lasterketarako prestatzen hasi

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 16a, 07:54


Jai giroa ziurtatua dago, urteko azken egunean. Umore ona, festa eta noski, herri merkataritza eta ostalaritzari geure atxikimendua adierazteko aukera izango dugu. Badator Hurbilago San Silvestre ekimenaren bosgarren edizioa. Abenduaren 31n ospatuko da. 17:00etan abiatuko da, Kaxkoko “merkatalguneari” bi itzuli emango dizkion kirol ekimena. Frontoian hasi eta leku berean bukatuko da.

Izen ematea, aurrez
Herri lasterketarako izena berriz, urtero moduan, aurrez eman beharko da, Hurbilagoren web orrialdean (hurbilago.com) edo elkarte kide diren establezimenduetako batean. Jai giroan parte hartzera animatzen dute. Aurreko edizioetan bezala, ez da faltako ziur, mozorrotutako herritarrik edota aldarrikapenerako tarterik. Hurbilago Elkarteak antolatu eta Usurbilgo Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin batera babesturiko hitzorduan ez dira faltako ezta, lasterketa herrikoiaren amaieran zozketatuko diren opariak ere. Hasi prestatzen!


Saritu gehiago, urtarrilaren 4an
Irudikoak dituzue abenduaren 7an ospatu zen Tipi-Tapako “olagarro festa”ko sarituak:
150 euroko erosketa baleko sarituak: Joxemi Villafafila eta Jabi Rincon.
Bi lagunentzako afaria Artzabalen: Zarautzera doa saria. Rita Sorreluz eta bere senarra dira sarituak.

Saritu gehiago urtarrilaren 4an ospatuko den Tipi-Tapan. Asteotan zehaztuko dute antolatzaileek, hurrengo ibilbide gastronomikoan dastagai izango ditugun zizka-mizkak egiteko baliatuko duten produktua. Txapeldun, Artzabal, Xarma, Bordatxo, Txirristra, Aitzaga eta Txiriboga tabernetako Tipi-Tiparen 2015eko lehen edizioa, urtarrilaren 4an. Gogoan izan, sari bikoitza jokoan; 150 euroko erosketa balea eta bi lagunentzako afaria.

Irudia: Hurbilago.