Egungo espetxe politika indargabetzea eskatu dute usurbildarrek

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 16a, 20:40


Euskal presoek frantziar estatuan betetako espetxe urteak, Espainiako kartzeletan bete beharrekoei kendu behar ote zaizkien edo ez erabaki behar zuen astearte honetan, Espainiako Auzitegi Gorenak. Baina azken orduan jakin denez, urtarrilaren 13ra arte atzeratu dute gai honen inguruko erabaki hartzea.

Azken orduko albisteok jakin aurretik burutu da, aipatu auzitegiak gaur bertan kaleratu zezakeen epaiaren harira, Euskal Herri osoan bezala Usurbilen ere Sortuk Mikel Laboa plazan iluntzerako deitua zuen urgentziazko mobilizazioa. “Espetxe politika kriminalari stop. Presoak etxera” lemapean bildu dira herritarrak. 

Egungo espetxe politika bertan behera uztea eskatu eta datozen mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu da. Hasteko, larunbat honetarako EH Bildu koalizioak euskal presoen eskubideen alde manifestazio bana deitu du, Iruñean eta Donostian, "Salbuespen politikarik ez. Presoak etxera!" aldarripean. Donostiakoa 17:30etan abiatuko da Bulebarretik.

Kantu-jira, topa, mobilizazioak...
Eguberriei begira, hitzordu gehiago antolatu ditu baita, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. Hona hemen ekitaldien agenda:

Abenduak 24, asteazkena
17:30
Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko kantu-jira, Olentzero eta Mari Domingirekin, eta Kantu Taldeko lagunekin.

Abenduak 26, ostirala
20:00 Dispertsioa salatzeko elkarretaratzea, Mikel Laboa plazan. Antolatzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Abenduak 31, asteazkena
20:00
Topa berezia Dema plazan, euskal preso eta iheslarien eskubideen alde. Antolatzailea: Usurbilen Nahi Ditugu.

Urtarrilak 10, larunbata
17:30
Sare mugimenduak Bilbon deituriko mobilizazioa, "Euskal Herria ahora, now, maintenant, orain!" aldarripean. Autobus zerbitzua Usurbildik.