Usurbilgo historiaren zati garran–tzitsu bat liburu batean batu dute. Udaberrian plazaratu zen, baina eguberri hauetan oparitzeko moduko argitalpena da. Altxor txiki bat: “Usurbil Dantzan. Usurbilgo Dantza-Taldearen historia 1975-2013”. Laurok, Lizardi eta NOAUA!n topatuko duzu oparitan emateko moduko liburu hau. Maider Errasti Amianok, Axier Otegi Iribarrek eta Ion Markel Saez de Urabain Iparragirrek urtebete eman zuten liburu hau osatzen. 1957ko Santixabeletako lehen ekitalditik hasi eta gaur arteko ibilbidea jaso dute liburuan. Testigantzak eta argazkiak dira osagai nagusiak.
Belaunaldi ezberdinen topagune
Hutsune nabarmen bat zegoen Usurbilgo historian: apenas zegoen ezer idatzia herriko dantza taldearen inguruan. Liburu bat egiteko proposamenarekin udaletxera joan ziren Dantza Taldekoak. Udalaren baiezkoa jaso zuten segituan, Mertxe Aizpurua alkateak aurkezpen ekitaldian adierazi zuenez. “Laguntza eskatzera etorri zirenean zalantzarik gabe baiezkoa, babesa eman genien. Uste genuen merezi zuela ahalegina egiteak. Gustura eman genuen eskatutako laguntza”, alkatearen esanetan.
Belaunaldi ezberdinetako herritarrak izan dira liburuko informazio iturri nagusiak. Euskal dantzak bizirik mantendu dituzten herritarrak, hain zuzen.