2015eko Udal Aurrekontu Proiektua hasieraz onartu da. Gehiengo osoz onartu ere, Bildu eta Aralarren aldeko bozkekin. Aurkako botoa eman dute Hamaikabat eta PSE alderdiek. Orain, hamabost egunez jendaurrean egongo da 2015eko udal aurrekontua. Alegazioak egiteko aukera egongo da. Beste gai batzuk ere baziren gaur arratsaldean egin den udalbatza plenoan. Josune Urkola EAJ-PNVko ordezkaria izan da plenoan izan ez den zinegotzi bakarra. Hileta elizkizun bat tarteko, ezin izan du udaletxera bertaratzerik izan.
Igoera txiki batekin
Alaitz Aizpurua Bilduko zinegotziak esan duenez, igoerarekin dator 2015eko udal aurrekontu proposamena, baina txikia izango dela igoera hori. Sarrerei dagokionez, zuzeneko zergen bitartez biltzen dena mantendu egingo da. Sarrera handiagoa aurreikusi dute zeharkako zergekin. Babes ofizialeko etxebizitzak eta etxebizitza tasatuak egingo dira 2015ean eta horri esker handituko da zeharkako diru sarreren partida.
Sarreren alorrean, “zuhurtziaz” egindako errebisioak izango direla azpimarratu du Alaitz Aizpuruak, Bilduko zinegotziak.
Gastuen arloan, langilegoan %3’75eko igoera aurreikusi da 2015eko udal aurrekontuan. Baina “ez da soldata igoera batengatik izango”. Lanbide eta enplegu programetatik eratorritako gastuak izango dira 3’75eko igoera ekarriko dutenak.
919.710 euro inbertsioetan
Inbertsioetan iaz baino gehiago gastatuko da. 919.710 euroko inbertsioa egiteko asmoa du Udalak. Belmonte kalea egokitu, Askatasuna plazako parkea berritu, komun publikoak ipini, bidegorri sarea indartu, Aginagako herri-bidea handitu, Kiroldegian hobekuntzak egin, Aginagako Ariztitxo pilotalekua hobetu, Zabaleko horma konpondu, “barredora” berri bat erosi…
Halaber, eragile eta talde ezberdinak laguntzen jarraitzeko asmoa du Udalak. Eta 2015ean apostu horri eutsiko dio Usurbilgo Udalak. Sail guztietan ematen diren laguntzak bermatuko dira aurrerantzean ere.
Gizarte-ekintzan saiakera berezia egingo dutela azaldu du Alaitz Aizpuruak: “Etxez etxe zerbitzua, Eguneko Zentroa, Adineko pertsonentzako planak, buruko gaixotasunak dituzten pertsonen aldeko planak…” bultzatuko dituzte.
Tokiko garapenari ere garrantzia emango zaio. Eta hala jasota geratu da 2015ko udal aurrekontu proposamenean. Beterriko sei udaletxeetan, eta “sinatu den lankidetza hitzarmenari esker, tokiko garapenak indar berezia hartzen joango da”.
Horretarako, Lanbide zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza jasoko dute.
Garapen bidean diren herriei ere diru partida bat eskainiko zaie.
Bozketan, PSE-EE eta Hamaikabat aurka
Bozketa ordua iritsi denean, Luismari Ormaetxeak (Hamaikabat alderdiko ordezkariak) hitza hartu eta ezezko botoa emango dutela aurreratu du. “Batzordean adierazi bezala, gure taldeak ekarpen batzuk egin zituen, eta osotasunezko emendakina ere aurkeztu zuen. Ekarpenak eta osotasunezko emendakinak kontuan hartu ez direnez, gure bozka aurkakoa izango da”.
PSE-EEk osotasunezko zuzenketa emendakina aurkeztu zuen.
Arestian esan bezala, bozketan, udal gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proposamena atera da aurrera, Bildu eta Aralarren aldeko bozkekin. PSE-EE eta Hamaikabat aurka agertu dira. Ondorioz, ez dira onartuak izan ez PSE-EEk ezta Hamaikabatek aurkezturiko osotasunezko emendakinak.
Lanpostuen zerrenda, onartua
2015. urterako Lanpostuen Zerrenda eta Plantilla Organikoa, udal aurrekontuarekin batera onartu beharra dago. Hau ere, hasieraz onartu da. PSE-EE, Aralar eta Bildu alderdiek aldeko botoa eman dute, Hamaikabat alderdiak abstentziora jo du.
Atxeganea baserriari %50eko hobaria
Santuenea 35 helbidean den baserria berreraiki nahi dute jabeek, baina proiektuaren eraikuntza, instalazio eta obra gaineko zergari %50eko hobaria aplikatzea eskatu diote Udalari. Interes bereziko eraikina izanik, hobari horretaz baliatzeko aukera du. Udalbatzan ordezkatuta dauden alderdi guztiek alde bozkatu dute. Beraz, ahobatez onartu da.
Hilerriko lote berri baten eskaintza
Udalak hilerri berrian hilobien gaineko eskubideak esleitu ahal izateko lote berri baten eskaintza egitea ere, ahobatez onartu da.
Aginagako erribera
Erriberako bidearen erabilera, izaera publikokoa bihurtzeko proposamena aztergaien artean zen. Espedientearen berri eman du Jone Urdanpilleta Bilduko zinegotziak. Lau tramo edo zati dagoeneko erabilera publikokoak dira eta bosgarren tramo bat da orain herri bide bilakatuko dena. Lur jabeekin hitzarmena sinatzeko garaian adostasunik egon ez denez, desjabetze espediente bat ipini beharko da martxan.
Puntu honetan ere alderdi denak bat etorri dira eta ahobatez onartu da udal gobernuaren proposamena.
Etxez etxe zerbitzua
Etxez etxeko laguntza zerbitzu kontratua beste urtebetez luzatzeko proposamena ere ahobatez onartu da. 2015eko urtarrilaren 2tik 2016ko urtarrilaren 1a arte, hain zuzen.