Gazte lokalen inguruko partehartze prozesua giro onean joan da

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 29a, 11:26

Amaitu da gazte lokalen eta bizikidetzaren inguruan Usurbilgo Udalak Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean antolaturiko parte hartze prozesua. Emaitzarekin gustura da, Potxoeneako lan saioak bideratu dituen Elhuyarreko kide Imanol Azkue. “Balorazioa ona da, ondo joan da, oso giro onean. Jende gehiagok hartu izan balu parte hobe. Ondorioa ere ona da, adostasun puntu batzuk atera dira bizikidetzaren inguruan”, Azkuek lerrootan adierazi duenez.

 

Parte hartze aldetik hasieratik hobetzen joan da prozesua?

Imanol Azkue: Guztira 35 lagunek parte hartu dute; lokaletako gazteek, lokalen jabeek, gurasoek, bizilagunek hartu dute parte. Gazteetan guztira 10 lagunek parte hartu dute, 9 neskek eta mutil bakarrak, lokaletako erabiltzaile gehienak mutilak direnean. Nesken bi lokal daude eta bietakoek parte hartu dute. Gure ondorio edo balorazioa zera da; gazte lokalena Usurbilen ez dela gai gatazkatsua gaur egun. Arazo gehiago egon izan balitz, seguru asko jende gehiagok parte hartuko zuen. Halere, arazorik egon ez arren, bada kezka bat gazte lokalak arautzearen inguruan. Arautu gabe daudenez, istripurik edo arazorik gertatzeko kezka bada. Horren inguruan badago hitz egiteko gogoa.

 

Parte hartze prozesuko helburuak bete dira?

Bai, neurri handi batean. Helburua gazte lokalez eta bizikidetzaz hausnartzea eta ahal zen neurrian adostasunak lortzea zen. Hausnartu dugu, egoera aztertu dugu. Galdetegi bat pasa genien gazteei, galdetegi haren emaitzak aurkeztu genizkien gazteei eta helduei, beraien ikuspegia erakutsi eta ekarpenak ere egin zituzten; bizikidetza zerk erraztu eta zailtzen duen, zer zaindu behar den bereziki… Gure helburua adostasun batzuk lortzea zen. Hori ere lortu da. Ikuspegi desberdinak daude. Denek, gazteek eta helduek, ez dute beti berdin bizi gaia. Ikuspegi ezberdin horietatik ere besteek zer pentsatzen duten entzun eta norberaren iritzia ematea lortu dugu.

 

Nolakoa izan da herritarren parte hartzea?

Etorri diren guztien aldetik oso jarrera eraikitzailea egon da, besteak errespetuz entzutekoa. Parte hartze ona izan da hasieratik.

 

Hasieran, lan saio bana egin zenuten gazte eta helduekin. Gero, bi bilera bateratu guztiekin. Nolakoa izan zen bateratze unea?

Bateratze horretan nabarmen geratu zen ikuspegi ezberdinak daudela. Batzuek gazte lokalak arautu eta araudi hori beteraztea nahi dute. Beste batzuk diotenez, zertarako arautu ez badago arazorik. Gazteek esaten zuten beraiek badituztela barrura begira funtzionatzeko arauak eta orduan zergatik eskatu behar zaizkien beraiei arau batzuk, beste batzuei eskatzen ez baldin bazaizkie. Nahikoa dela sen ona izatea. Arazorik ez badago, ondo doa dena. Bizikidetza arazoak edo istripuak izaten direnean ikusten da arautu beharra dagoela. Gurasoek ziotenez, lokal bat gazte lokal bat bihurtzean beste edozein lokali (taberna, denda…) eskatzen zaien aktibitate lizentzia eskatu behar litzaieke, gutxieneko baldintza batzuk izateko. Hori beharrezkoa da lege baten gainean egitea, baina gaur egun ez dago gai honen inguruko legerik. 

 

Aurrera begira, zer egingo duzue prozesuak emandakoarekin?

Helburua adostasunak sortzea zen, eta horietan oinarrituta Udalak araudia egitea. Adostasunak baditugu, horren gainean posible da araudi bat ateratzea, baina ikusiko da zer egin. Hurrengo gure pausoa, adostasun horiek dokumentu batean idaztea izango da. Urtarrilean bilera berezi bat egin nahi genuke; parte hartu duten guztiei, adostasun guztiak biltzen dituen dokumentuaren berri eman. Zer pauso eman ditugun errepasatu eta ikusi dokumentu horretan jasoa ote dagoen benetan adostu zena. Prozesua biribiltzeko, bukatzeko. Hortik aurrera gero, Udalak ikusiko du zer egin.