"Beharrezkoa dugu gaixo dauden presoak etxera ekartzea"

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 29a, 17:50

Bailaran bada preso gaixo larrien sustengurako plataforma. Aurreko larunbatean, plataformako kide batzuk prentsaurrekoa eskaini zuten Hernanin. Konponbiderantz, urrats sendoak emateko eskatu diete frantziar eta espainiar estatuei. Preso asko, salbuespen egoeran daudela salatu dute eta horri aurre egiteko deitu diren mobilizazioetan partehartzera deitu dituzte Buruntzaldeko herritarrak. 

"Sasi guztien gainetik, gatazkaren konponbiderantz, Euskal Herriaren elkarbizitza demokratikorantz, inoiz baino beharrezkoago dugu espetxe politika honen zutabe diren salbuespen neurriak etetea eta gaixo dauden presoak etxera ekartzea. Eta horretarako noski, denon indarra beharrezkoa da, herritik herrira, Euskal Herritik Euskal Herrira, atzerritik sorterrira. Jada ditugun dinamikak hauspotu eta berriak sortzeko garaia da, preso gaixoen etxeratzearen aldeko dinamika etengabea sortzeko garaia da, herritar guztion garaia da", hala dio NOAUA!ra igorri duten prentsa oharrean.  

Urtarrilaren 10ean Bilbon burutuko den mobilizazio erraldoiari "eta baita Buruntzaldeko herri ezberdinetan burutuko diren dinamika ezberdinekin" bat egitera deitu dituzte herritarrak.

 

Errezitaldia Lasarte-Orian

Bestetik, eskualde mailako errezitaldia antolatzen ari dira Presoen Lagunak taldeko kideak. "Urtero hartzen gaitu azkena izango denaren nahiak. Baina urtea joan eta berriz hemen gabiltz Harresien bestaldetik jaso ditugun testuak lantzen. Urtean zehar bixita, eskutitza, deiak izaten ditugu. Gabonetan ordea, euren hitzak, gure ekarpenekin bat egiten dute errezitaldian. Kantu, dantza, antzerkiak denak josten ditu ilusioak. Eurei hitza ematea zen sorreran eta da ekimenaren helburu", NOAUA!ri aditzera eman digutenez.

 Errezitaldian, aurten, Andatza mendia eta bere inguruak, txokoak, bazterrak agertuko dira. 

Urtarrilak 9 ostirala, 19:00etan , Manuel Lekuona Kultur Etxean.