Hurbilagoren gabonetako zozketa, San Silvestre herri lasterketa amaieran

Noaua Aldizkaria 2014ko abe. 30a, 10:31


Sutegiko aretoa, erakuslehio ederra dugu egunotan. Opariz betea; bizikleta, telebista, sukalderako ontziteria... Opariok etxera bidean izango dituzue zuetako batzuk, asteazken iluntze honetatik aurrera. Abenduan zehar, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan erosketak egitearen truke tiketak eskuratu eta zozketa-kaxetan utzi dituzuenok adi. Abenduaren 31n ospatuko den Hurbilago San Silvestre herri lasterketa amaieran banatuko baitira frontoian, Hurbilago Elkarteak antolaturiko gabonetako zozketaren baitan. Lau sari eder guztira:

1. saria: Bizikleta Coluer Sphera 260 Disc HD.
2. saria: Panasonic TX 42AS500E-42 telebista.
3. saria: Tablet Airis Onepad 735.
4. saria: sukalderako ontziteria: ECCO 5 pieza. 

Lasterketarako aurrez eman behar izena
Urte amaierako ekitaldi garrantzitsuena da, Hurbilago San Silvestre korrika saioa. Abenduaren 31n asteazkenarekin, arratsaldeko 17:00etan abiatuko da, Kaxkoko “merkatalguneari” bi itzuli emango dizkion kirol ekimena. Frontoian hasi eta leku berean bukatuko da. Herri lasterketarako izena berriz, urtero moduan, aurrez eman beharko da, hurbilago.com orrian edo elkarte kide diren establezimenduetako batean. 

Hurbilago Elkarteak antolatu eta Usurbilgo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak babesturiko hitzorduan ez dira opariak faltako, lasterketa herrikoiaren amaieran zozketatuko direnak.