Jai giroa ziurtatua dago, urteko azken egun honetan. Umore ona, festa eta noski, herri merkataritza eta ostalaritzari geure atxikimendua adierazteko aukera izango dugu. Badator Hurbilago San Silvestre ekimenaren bosgarren edizioa. Abenduaren 31 honetan ospatuko da. 17:00etan abiatuko da, Kaxkoko “merkatalguneari” bi itzuli emango dizkion kirol ekimena. Frontoian hasi eta leku berean bukatuko da.
Aurrez eman behar zen izena
Herri lasterketarako izena berriz, urtero moduan, aurrez eman beharra zegoen, Hurbilagoren web orrialdean (hurbilago.com) edo elkarte kide diren establezimenduetako batean. Jai giroan parte hartzera animatzen dute. Aurreko edizioetan bezala, ez da faltako ziur, mozorrotutako herritarrik edota aldarrikapenerako tarterik. Hurbilago Elkarteak antolatu eta Usurbilgo Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin batera babesturiko hitzorduan ez dira faltako ezta, lasterketa herrikoiaren amaieran zozketatuko diren opariak ere.
Hurbilagoren gabonetako zozketa
Sutegiko aretoa, erakuslehio ederra dugu egunotan. Opariz betea; bizikleta, telebista, sukalderako ontziteria... Opariok etxera bidean izango dituzue zuetako batzuk, asteazken iluntze honetatik aurrera. Abenduan zehar, Hurbilago Elkarteko establezimenduetan erosketak egitearen truke tiketak eskuratu eta zozketa-kaxetan utzi dituzuenok adi. Asteazken honetan, abenduaren 31n ospatuko den Hurbilago San Silvestre herri lasterketa amaieran banatuko baitira frontoian, Hurbilago Elkarteak antolaturiko gabonetako zozketaren baitan. Lau sari eder guztira:
1. saria: Bizikleta Coluer Sphera 260 Disc HD.
2. saria: Panasonic TX 42AS500E-42 telebista.
3. saria: Tablet Airis Onepad 735.
4. saria: sukalderako ontziteria: ECCO 5 pieza.